Udaletxeko estalkia eta leihoak ordezkatzeko lanak hasi dituzte
Orotara, 487.761,62 euroko aurrekontuarekin ekin diete lanei, eta bost hilabetean amaitzea aurreikusi dute.
Irungo Udalak jakinarazi berri duenez, martxan dira udaletxeko estalkia eta leihoak ordezkatzeko lanak. Orotara, 487.761,62 euroko aurrekontuarekin ekin diete lanei, eta bost hilabetean amaitzea aurreikusi dute.
Cristina Laborda ordezkariak adierazi duenez, «oso obra garrantzitsua da; izan ere, Udaletxea bezalako eraikin enblematiko bat mantentzeko eta erosoago bihurtzeko egiten dira, eta ez da ahaztu behar, langileez gain, Irungo herritar guztiak ere pasa daitezkeela bertatik. Horrez gain, inbertsio jasangarria da, energia gastua murrizten lagunduko digu eta».
Ordezkariak gaineratu duenez egun zenbait arazo daude, leihoetatik zein estalkitik barrena ura eta airea iragazten direlako. Hori erabiltzaileentzat “gogaikarria” dela erantsi du, eta energia gastu handi samarra eragiten duela.
Estalkia eta leihoak ordezkatuta, estalkiaren iragazgaiztasuna hobetuko dute, baita ere estalkiaren eta leihoen isolamendu termikoa. Ondorioz, eraikin barruko erosotasuna eta efizientzia energetikoa hobetuko direla aurreratu dute udaletik.
Lan hauen barruan, estalkiaren estaldura ordezkatuko dute, egungo konpresio geruzatik abiatuta, “esku hartze minimo bat eginez”. Teila guztiak aldatuko dituzte, eta isolamendu termikoa gehituko da. Horrez gain, fatxadaren kanpoko zureriak ere kendu eta gaztainazko zur laminatuak jarriko dituzte.