Biola doinuak nagusi larunbatean, Maria Ralloren eskutik
Itsaso Saenz de la Maza piano jotzailearekin ariko da hondarribiarra lehenbizi, eta Rothaus taldearekin osatutako biola boskotearekin, ondoren.
Biola oinarri izango duen musika emanaldia eskainiko du Maria Rallo Muguruza hondarribiarrak hilaren 17an, larunbatarekin, Itsas Etxea Auditoriumean, 19:00etan. Itsaso Saenz de la Maza piano jotzailearekin ariko da lehenbizi, Johannes Brahms konpositore alemaniarraren biola eta pianorako sonata interpretatzen. Ondoren, Rothaus taldearekin osatutako boskotearekin batera, konpositore beraren bi biolentzako bigarren boskotea eskainiko dute.
Kontent agertu da hondarribiarra emanaldiaren aurkezpenean gaur goizean, Kultur Etxean entseatzen ari ziren bitartean egindako agerraldian. Hondarribian jotzea «berezia» dela harentzat onartu du. Gaineratu duenez, kontzertuan parte hartuko duten beste musikariekin jotzeko aukera gutxi du «bakoitza Europako punta batean gaudelako». Hori horrela, «guretzako oso berezia izango da bertan aritzea, baina bereziki niretzat da garrantzitsua nire familia, lagunak eta herria direlako. Urduritasuna eta emozioa hor egongo dira, denbora baitaramat kontzertuan pentsatzen».
Hamburgoko Orkestra Filarmonikoan (Alemania) lan egiten du Rallok. Onartu duenez, «ilusio handiz» hartu zuen kontzertua egiteko gonbidapena. Zentzu horretan, Hondarribian goi mailako musika ikasketak garatu ezin diren arren, «kontzertuak eskaintzeko» azpiegitura egon badagoela nabarmendu du Txomin Sagarzazu alkateak. Juan Luis Silanes Kultura zinegotziak ere parte hartu du aurkezpenean.
Emanaldirako sarrerak Arma Plaza informazio gunean eta Interneten lor daitezke 8 euroan.