Ia 4 milioi euroko aurrekontu aldaketa proposatu du udal gobernuak
Gizarte politiketako inbertsioetara, hiri espazioetan hobekuntzetara, asfaltatzeko kanpainetara eta hiriko gazteentzako ekipamenduetara bideratu nahi dute dirua. 3.998.500 euroko aldaketa da aurkeztu dutena.
Irungo Udaleko Ogasun sailak ia 4 milioi euroko kreditu aldaketa aktibatzeko lanean ari dela jakinarazi berri du. Miguel Angel Paez ordezkariak agerraldia eskaini du gaur, eta bertan azaldu duenez, gizarte politiketako inbertsioetara, hiri espazioetan hobekuntzetara, asfaltatzeko kanpainetara eta hiriko gazteentzako ekipamenduetara bideratu nahi dute dirua. Guztira, 3.998.500 euroko aldaketa da aurkeztu dutena.
Ordezkariak gaurko agerraldian esan duenez, “kredituak aldatzeko proposamen honetan inbertsio batzuk proposatzen dira, gastuak aurtengo ekitaldira mugatuta, hots, datozen urteotako aurrekontuetarako konpromisorik gabe. Diru kopurua handi samarra da, eta proposamenaren arrazoiak dira, alde batetik, kudeaketa beharrak eta, bestetik, gure gobernu programan jasotako zenbait konpromiso, hala nola hiriko zenbait eremutako hobekuntzak hiri espazioetan, gizarte politikak edo gazteriarekin lotutakoak”.
Hiri antolamenduko plan orokorreko konpromisoa betetzeko 1.035.000 euro bideratu nahi dituzte, ondorengo jarduerak egiteko: Vertizeko partzelan eremu osoa erostea, “ingurua berrantolatzeko”; zenbait eraikin eraisteko 275.000 euro bideratuko dituzte, besteak beste, Porcelanasen lantegi zaharrean eta Jostun eta Belitz kaleetan.
Gizarte politikei dagokionez, bi beka berri proposatu dituzte, horietako bat Berdintasun zerbitzuan (18.000 euro) eta bestea emakume ospetsuen ibilbide historikoaren proposamena da (5.000 euro). Horrez gain, inbertsio txiki batzuk ere (7.5000 euro) aurreikusi dituzte. Ekipamenduetako obrak ere atal honetan sartu dituzte, hala nola Luis Mariano kaleko gizarte zentroa, Kontserbatorioko dantza gela eta auditoriuma (17.000 euro) eta Santa Elenako ermita (120.000).
Paezek gaineratu duenez, bereziki irundar gazteei begira bi proposamen egin dituzte: Martindozenea gaztelekuaren ondoan skate puntu bat sortzea (60.000 euro) eta pump truck pista bat sortzeko proiektua (10.000 euro).
Hiri espazioetan hobekuntza ugari aurreikusi dituzte. 650.000 euro bideratuko dira San Juan inguruko kaleak berrurbanizatzeko (Legia, Foruen karrika eta Berrotaran). Bestalde, Emigrazio eraikinaren inguruko kaleetan ere zenbait obra egingo dituztela jakinarazi du ordezkariak, 450.000 euroko aurrekontuarekin. Gainera, 400.000 euro bideratuko dituzte Irungo zenbait kale asfaltatzeko, “hiriko eremu askotako zoladura hobetzeko” asmoz.
Gaurkoan aurkeztutako proposamen honetan ere Larreaundi azpiestazio zaharraren partzela berreskuratzeko 350.000 euro aurreikusi dituzte, San Frantzisko Xabier eta Euskal Herria hiribidearen artean, “auzotarrek erabiltzeko espazio bat sortzeko helburua duen proiektu batean”. Ondorengo obrak ere aurreikusi dituzte: hobekuntzak Lapitze kalean (110.000 euro); Txingudi ikastolaren eta Urdanibia auzoaren arteko lotura hipikatik (90.000 euro); Oteiza etxeko egitura eta estalkia hobetzea, Iparralde hiribidean; Luis Mariano kaleko turismo bulegoaren estalkia hobetzeko jarduketa bat (20.000 euro); eta konponketa batzuk Mirarietako Ama Birjinaren kaperan (17.000 euro).
Proposameneko azken jardueren artean, ordezkariak Pio XIIko aparkalekua hobetzeko azterlana (18.000 euro=) eta Artiako kanala birnaturalizatzeko proiektua eguneratzea nabarmendu ditu.
Proposamen hau dagoeneko Batzordean aurkeztu dute, eta ordezkariak jakinarazi du jada martxan dagoela aurrekontua aldatzeko proposamen hau Udalbatzara bidaltzeko prozesua. Gaurtik aurrera bost egun baliodun izango dituzte udal taldeek zuzenketak aurkezteko. Paezen asmoa “oposizioko taldeen iritzia eta ekarpenak jasotzea” da.