Haurrekin Adiskidetsua den Hiriaren saria jaso du udalak, modu telematikoan
UNICEFeko ordezkariekin ekitaldi telematikoa izan dute gaur Jose Antonio Santano alkateak eta Santi Jimenez ordezkariak. Dena den, saria jasotzeko ekitaldia egingo dutela aurreratu dute, datozen asteotan.
Irunek jada jaso du UNICEFek Haurren Adiskide den hiriaren saria. Gaur bertan jaso dute Jose Antonio Santano alkateak eta Santi Jimenez Gazteria saileko ordezkariak, ekitaldi telematiko batean. Dena den, saria jasotzeko ekitaldia datozen asteotan izango dela iragarri dute.
Alkatearen arabera, “oso albiste ona da hau, eta badaramagu denbora bat honetarako lanean. Irungo hiriak eta udalak konpromisoa genuen gazteekin eta haurrekin lehendik ere, eta UNICEFen babesa izatea, zalantzarik gabe, funtsezko urratsa da gazteria udalaren ekimenen ardatzean jartzeko dugun konpromisoari irmo eusteko”.
Alkateak gaineratu duenez, orain ofizial egin den aintzatespenak “argi erakusten du udal honek haurren eskubideen ikuspuntuaren araberako kudeaketa eredu bat maila lokalean aplikatzeko duen konpromiso jarraitua”.
Hautagaitza aurkezteko prozesuan udalak haurrek eta nerabeek udalerrian bizi duten egoeraren diagnostikoa egin zuen, modu partehartzailean, eta Haur eta Nerabeen I. Udal Plana onetsi zuen joan den otsailean Udalbatzan, aho batez gainera. Hala, haurrek eta nerabeek parte hartzeko udal organo bat sortu dute.