Energia aholkularitza zerbitzu berdea, martxan
Zerbitzu berria Elkarrekin Podemos Ezker Anitza-IUk eta gobernuak sustatutako jarduera esparruaren barruan dago. Irunek arlo horretan aurrerapausoak ematea merezi duela esan dute taldekoek, "pixkanaka ingurumenarekin konprometitutako hiri jasangarri baten eredu bihurtzeko helburuarekin".
Elkarrekin Podemos-IU taldeak jakinarazi berri duenez, martxan da HAZ berdea izeneko aholkularitza energetikoko zerbitzua. Enpresei, saltokiei eta herritar guztiei zuzendutako zerbitzua izango da, eta energiaren arloko “aholkularitza zabala” ematea du helburu, posta elektronikoz zein aurrez aurre. HAZen hitzordua eskatu beharko da.
Zerbitzu honekin “etorkizun eraginkorragoa lortzeko konpromiso irmoa” berretsi dutela diote taldetik, eta honekin erreminta bat ematen dietela herritarrei, partikularrei eta enpresei, “bizi dugun errealitate energetikoa hurbiltzeko eta murgilduta gauden mundu eraginkorrago baterako trantsizioa egiteko”. Gainera, energia eraginkortasunaren arloko diru laguntzen gaineko informazioa ere emango du zerbitzuak, bai udalarena eta baita ere bestelako erakundeena.
“Une honetan, iraunkortasuna aldeko apustua, bere forma guztietan, mundu mailako politika askoren erdigunean dago, eta, beraz, aurrerapauso bat ematen dugu norabide horretan, energia arloarekin lotutako zalantzak argitzeko erreferentzia puntu bat sortuz. Zerbitzu hori Elkarrekin Podemos Ezker Anitza-IUk eta gobernuak sustatutako jarduera esparruaren barruan dago, ingurumen gaietan egindako aurrerapenari dagokionez, eta hori da gure gobernu programaren funtsezko ildoetako bat. Gure ustez, Irunek arlo horretan aurrerapausoak ematea merezi du, pixkanaka ingurumenarekin konprometitutako hiri jasangarri baten eredu bihurtzeko helburuarekin”, esan dute taldeko kideek.