Kaleko margo lehiaketarako data ezagutarazi du Emeki elkarteak
Iazko etenaldiaren ondotik XXVII. Kaleko Margo Lehiaketarako hitzordua abuztuaren 8an finkatu du emakume elkarteak.
Aurki iritsiko da XXVII. Kaleko Margo Lehiaketa. Emeki emakume elkarteak ezagutarazi duenez, abuztuaren 8rako antolatu du txapelketa. Osasun egoerak iazko ekitaldia bertan behera uztera behartu zuen elkartea.
Parte hartu nahi duten lagunek Hondarribiko txoko bat aukeratu beharko dute margolana garatzeko. Argazkietan, laminetan edo bestelako euskarrietan oinarritutako lanek ez dutela baliorik izango nabarmendu dute Emekiko kideek. Olioa, akuarela, akrilikoa, librea eta teknika mistoa onartuko dira.
Zabaldutako datuen arabera, 18 urtez gorako margolari orok parte har dezake txapelketan. Horretarako, egunean bertan, Emeki elkartearen egoitzan (Moila kalea, 1), izena eman beharko dute interesdunek. Halaber, ezinbestekoa izango da mihiseak zigilatzea, egoitzan bertan, 09:00etatik 11:00etara. Lehiaketan parte hartzen duten margolanak 17:00etatik 18:00etara aurkeztuko dira jendaurrean, Erreginaren Baluartean.
Azkenik, sarien gaineko informazioa plazaratu du elkarteak: 1.000 euro lehenarentzat, 700 euro bigarrenarentzat, eta 500 euro hirugarrenarentzat.