Dena prest bosgarren Kontenporanea arte topaketarako
Hilaren 23tik 24ra San Juan plaza artearen eta artisten agertoki nagusi bilakatuko da. Aurtengo gai nagusia azken bi urteetako pandemia egoeraren ondorioz "kanpokoaren eta barrukoaren artean sortutako kontrastea" izango da.
Kultura sailak dagoeneko dena prest du aurtengo Kontenporanea arte topaketarako. Egitaraua aurkeztu berri dute hurrengo astebururako, hilaren 23tik 24ra bitarte luzatuko baitute aurtengoa.
“Azken urteetan hirian garatu dugun lan-ildo nagusietako bat da arte garaikidea sustatzea. Horren adierazgarri, ekimen hau dugu, eta urtetik urtera, gainera, goraka doa, esparru honetan lan egiten duten bertako profesionalen eskutik. Iaz, bertan behera geratu zen, eta albiste ona da programa itzuli izana, horrela kultura babesten jarraitzeko, pandemiak larriki astindu baitu sektoreko jarduna”, esan du saileko ordezkari Junkal Eizagirrek.
Gogoratu duenez, bosgarren edizio honetako gai nagusia azken bi urteetako pandemia egoeraren ondorioz “kanpokoaren eta barrukoaren artean sortutako kontrastea” izango da. Asmoa da bizi izandakoaren ikuspegiak partekatzeko gune bat sortzea, dikotomia hori ulertu eta lantzeko.
Orotara, 21 proposamen jaso dituzte, estatu mailakoak eta nazioartekoak ere bai. Koordinazio Batzordearen arabera, “maila ona” dago aurten ere. Jasotako guztietatik zortzi proposamen hautatu dituzte. Honakoak dira: Claire Le Pape (Bordele), B/Z (Bilbo), Gaspar Acebo (Argentina), Jaime Yacaman (Mexiko – Bilbo), Kontxi Gutierro (Hondarribia), Oksana Pohrebennyk (Ukaina – Bilbo), Silvia Jimenez Pumar (Bilbo) eta Susana Ferreira (Irun).
Erakusketa edozein ordutan bisitatzeko aukera izango da, eta ostiralean (hilak 23) bisita gidatua eskainiko dute, 18:00etatik aurrera. Parte hartzeko, helbide honetara idatzi beharko da.
Erakusketaz gain, beste instalazio iraunkor batzuk ere egongo direla aurreratu dute antolatzaileek. Esaterako, Artmarket delako arte merkatua, artista ezberdinen lanak ikusi eta erosi ahal izateko.
Ondorengoa da programa:
Ostirala (hilak 23):
- 18:00 – 19:00: Irekiera, topaketaren aurkezpena eta erakusketaren bisita gidatua bi
hizkuntzetan. - 19:00 – 20:00: Bisita gidatua “Cayolar” instalaziora (izena eman behar da)
- 20:00 – 20:30: Aire-akrobaziak oihalekin
- 20:30 – 22:00: Cecilia Payne Surf iluna (Pop)
Larunbata (hilak 24):
- 10:00-12:00: Esposizio bikoitzeko argazkiak eta do it yourself autorretratuak etxean
egiteko tailerra Maitane Gajaterekin (izena eman behar da). - 12:00-14:00: Paper ekologikoaren masterclassa, Paperkiren eskutik.
- 17:00-18:30: Dantza garaikidearen eta Miti komunitate artistikoaren soinuaren jarduera + Leo Pum + Errealitate birtuala mugikorreko aplikazioarekin.
- 18:30-20:30: Ikusizko artearen eta performance kolaboratiboaren jarduera Eloisse Louisse-rekin (izena eman behar da).
- 20:30-22:00: Douleur Dolor (trap emanaldia)