"Kubako herri iraultzaileari" elkartasuna adierazteko, elkarretaratzea ostegunean Irunen
Herritar talde batek antolatu du mobilizazioa. 19:00etan hasiko da, San Juan plazan. Kubaren gainean izaten ari diren "manipulazioak" salatu dituzte.
“Inperialismo ipar-amerikarraren jarrera arbuiatzeko” eta “Kubako herri iraultzaileari” elkartasuna adierazteko elkarretaratzea antolatu du ostegunerako (hilak 15) irundar talde batek. 19:00etan hasiko da, San Juan plazan. “Kuban jazotzen ari diren gertakarien aurrean, Irundik ere gure elkartasuna adierazteko antolatu dugu”, esan dute deitzaileek.
Deitzaileen ustez, Ameriketako Estatu Batuek Karibeko herrialdeko “herri iraultzailearen borondatea makurtu” nahi dute, estatu kolpeari bide emateko. Hala, koronabirusaren pandemiak ezarritako gabeziei, “inperialismoaren blokeoaren gogortzea” erantsi zaiela adierazi dute, eta aldi berean, “kapitalari eta diruaren egia bakarrari saldutako hedabide handien morroi papera” salatu dute, horrek herrialdearen errealitatea manipulatzen eta distortsionatzen duelarik.
Deitzaileentzat eredu da Kuba: “Hamarkadaz hamarkada, munduko ezkerrarentzat eta esplotaziorik gabeko mundu bat eraiki nahi dugunontzat eredu, burujabe izan nahi dugun herriontzat ipar-orratz”.