Larunbatean hasiko da Girabira
Parkeetan familia giroan aisiaz eta kulturaz gozatzeko lehen ekitaldia Alai Txoko parkean egingo dute. Beste hiru saio izango dira.
2021ko Girabira egitasmoaren lehen saioa larunbatean (hilaren 17an) izango da, Alai Txoko parkean. Zirkua izango da estreinako saioaren erdigunea, 18:00etatik aurrera. Lehenik magia tailerrak egingo dituzte, bi saiotan: 6-10 adin tartekoentzat euskaraz, eta 11tik gorakoentzat gaztelaniaz (aurretik izena eman behar da, partaide muga dagoelako). Ondoren, 19:00etan, publiko guztiari zabalik bi zirku ikuskizun: Ibon del Olmo magoarena, eta Circo Chosco konpainiarena.
Larunbateko saioan, nahiz aurrerago egingo diren beste hiruetan, osasun neurriak betetzeko protokoloa abian izango da: hesitutako eremuak izango dira, sartzeko eta irteteko eremu bereiziak jarriko dituzte, gel hidroalkoholikoa egongo da, segurtasun tarteak errespetatu behar dira (ikusleek aurrez esleitutako eserlekuak izango dituzte), eta musukoaren erabilera derrigorrezkoa izango da. Ezin izango da, aurreko edizioetan bezala, pic-nic jarduera egin.
Juncal Eizagirre Kultura ordezkariak eta Txikis del Bidasoako kide Pia Lazaga nahiz Ainara Rubiok aurkeztu dute gaur aurtengo Girabira. Eizagirrek nabarmen du aisia eta kultur giroan hiriko parkeez gozatzeko aukera dela, baina arduraz jokatu behar dela osasun larrialdi egoeragatik. “Familiei aisiarako plan atsegin eta dibertigarri bat eskaini nahi diegu”, zehaztu du Eizagirrek.
Girabirako beste hiru datak honakoak dira: irailaren 6an Gain Gainean parkean; irailaren 19an Soroxartan; eta urriaren 3an Mendibilen. Saio bakoitzak gai zehatza izango du.