Udako pilota txapelketa handia, Uranzun
Igandean, Caixabank Masters txapelketako partida jasoko du hiriko pilotalekuak: Altuna-Aranguren eta Ezkurdia-Imaz bikoteak izango dira lehian.
Caixabank Masters bikotekako esku pilotako udako txapelketaren partida jasoko du Uranzu pilotalekuak igandean (hilaren 18an), 17:00etatik aurrera. Altuna-Aranguren eta Ezkurdia-Imaz bikoteek elkarren kontra jokatuko dute, txapelketa horren lehen jardunaldiko norgehiagoka da. Ondoren, sustapeneko partida: Victor-Bikuña, Agirre-Aretxabaletaren kontra. ETB1ek emango du zuzenean pilota jaialdia.
Pandemiagatik, %60ko edukiera baimenduko dute Uranzun, 420 sarrera inguru izango dira salgai. Horien prezioa 25 eta 30 euro artekoa da, eserlekuaren arabera, eta jada salgai daude.
Borja Olazabal Irungo Udaleko Kirol ordezkariak nabarmendu du goi mailako partidak izango direla igandean Uranzun, goraipatuz Jokin Altuna buruz burukoaren txapelduna hirian izango dela jokatzen: “Irungo pilotazaleak berriz ere zorioneko egoteko moduan daude”.