Sailkapen orokorraren bigarren postuan kokatu da Go Fit Hondarribia
Donostian aritu ziren Hondarribia Arraun Elkarteko hiru traineruak larunbatean; bigarren sailkatzea lortu zuten A eta B eskifaiek, eta hirugarren, emakumeek.
![Arraun Lagunak-ek irabazi zuen Donostiarra bandera [Irudia: TKE]](https://bidasoa.hitza.eus/site/files/2021/07/arraun-lagunak-500x313.jpg)
Arraun Lagunak-ek irabazi zuen Donostiarra bandera [Irudia: TKE]
Hondarribia Arraun Elkarteko eskifaiak lehia bizian aritu dira beste asteburu batez. Gizonen A eta B ontziak eta emakumeen eskifaia Donostiarra banderak borrokatu zituzten larunbatean. Igandeari dagokionez, Euskotren eta Eusko Label ligetako arraunlariek Zierbenan (Bizkaia) izan zuten hitzordua, eta KAE2 txapelketakoek, aldiz, Mutrikun (Gipuzkoa).
Emakumeen arteko lehian, Hondarribia Bertako Igogailuak-ek V. Donostiarra eta Edinor banderak jokoan izan zituen larunbatean eta igandean, hurrenez hurren. Hala, hirugarren sailkatu zen Donostiako lehian 11.10,16 denborarekin, eta azken postuan Zierbenan 11.01,04 marka eginda. Sailkapen orokorraren azken postuan dago emakumeek osatutako eskifaia 5 puntu lortuta.
Eusko Label ligan buru-belarri dabilen Go Fit Hondarribiak bere aldetik bigarren postua eskuratu zuen XIII. Donostiarra banderan (19.53,38). Atzokoan, bestalde, laugarren sailkatu ziren berdeak XXXVIII. Petronor banderan (20.45,42). Asteburuan erdietsitako markei esker sailkapen orokorraren bigarren posturaino salto egin du Go Fit Hondarribiak 36 punturekin.
Azkenik, KAE2 ligako harrobiko arraunlariak bigarren postuan sailkatu ziren XI. Kaiarriba Donostiarra banderan 21.27,24 markarekin, eta laugarrenean, Mutrikuko V. Yurrita Group ikurrinan, 20.54,44 denbora eginda. Pilatutako 29 puntuek hirugarren posturaino eraman dute Go Fit Hondarribia.