Emakumeen aurkako 28 indarkeria salaketa jarri zituzten iaz Hondarribian
Eustatek eta Segurtasun Sailak publiko egindako datuak zabaldu ditu Abotsanitzek; 2019arekin alderatuta salaketek behera egin dute, nahiz eta mugikortasun muga bereziak izan diren tartean.

2020an Hondarribian izandako indarkeria sexista salaketak zabaldu ditu Abotsanitzek.
Eustat Euskal Estatistika Erakundeak eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak 2020ko indarkeria sexistaren gaineko datuak argitaratu ditu, Abotsanitz Herri Batzarrak jakinarazi duenez. Denera, emakumeen aurkako 28 indarkeria kasu salatu zituzten 2020an: 22 bikoteak edo bikote ohiak eragindako indarkeriagatik, bost familia barruan jasotakoak, eta sexu indarkeria kasu bat.
Hori horrela, 2019. urtean indarkeria sexistarekin lotutako berrogei salaketa izan zirela gogoratu du udal taldeak. Zabaldutako datuen arabera, 32 salaketa bikoteak edo bikote ohiak erabilitako biolentziagatik izan ziren, bi senideen tratu txarrengatik, eta sei sexu indarkeriagatik.
Larrialdi egoeran ezarritako neurriek eragina izan dutela salaketa kopuruan eta indarkeria motan argudiatu du Abotsanitzek. Nabarmendu duenez, bikoteek erabilitako indarkeria eta sexu delituak jaitsi diren arren, familia barruko salaketek gora egin dute. “Egoera larria da oraindik”, bukatu dute.