"EAJ bermea da Irunek aurrera egin dezan"
Agintaldiaren lehen bi urteen balorazioa egin dute jeltzaleek. Besteak beste, udal gobernuko bi alderdiek "herritarren behar guztiei behar bezala erantzun ez zieten aurrekontua onartu" dutela salatu dute.
Agintaldiaren erdia betetzen den honetan, Irungo EAJk ere azken bi urte hauen gaineko balorazioa egin nahi izan du, eta irundarrekin partekatu.
Pandemiak legealdiaren hasiera “dezente kolpatu” duela esan dute lehenik, eta ondorioz, haien arabera udal gobernua laguntzeko asmotan, proposamen sozial eta ekonomikoak aurkeztu dituztela. “Pertsonen osasuna eta bizitza babestea eta hurrengo belaunaldien etorkizun sozial eta ekonomikoa sustatzea” izan da, jeltzaleen ahotan, uneoro taldearen proposamenen ardatza.
Horregatik, gogoratu dute 2021eko aurrekontuari dagokionez 63 proposamen aurkeztu dituztela. Baina halere, udal gobernuko bi alderdiek “herritarren behar guztiei behar bezala erantzun ez zieten aurrekontua onartu” zutela salatu dute.
Jeltzaleak Hiri Proiektu oso bat lantzen dabiltzala erantsi dute, “abangoardista, berria eta etorkizunekoa”. Esaterako, hiria bitan zatitzen duen arraila behin betiko ezabatuko duen Via Irun “osatuago bat”, Bidasoa ibaia hirian integratzea, Txenperenean kirol egokiak eraikitzea edo turismo berdea sustatzea jaso dute proiektu horretan.
“Udaletxeko bigarren indarra gara, pertsona askorentzat alternatiba bakarra, eta hala erakutsi ziguten duela bi urte babesa eta botoa eskaini ziguten 7.000 irundar baino gehiagok. Gero eta nabariagoa den euskarria eta bermea. Itxaroten hainbeste denbora daramaten arazoei eta pandemiak sortutakoei
irtenbidea ematen hasteko unea da, etorkizunari begiratu eta inbertsio onuragarriak eta beharrezkoak planteatzeari utzi gabe. Babes sozialerako, lan duinerako eta etorkizunerako momentua da”, erantsi dute. Amaitzeko, Irun “berde, aitzindari eta eraginkor” baten alde lan egiteko konpromisoa hartu dute.