Murchanteko hilketa matxista salatuko dute gaur irundarrek
Bidasoko Martxoak 8 Asanbladak San Juan plazan elkarretaratzera deitu ditu herritarrak.
Murchanteko (Nafarroa) erailketa matxista salatzera deitu ditu gaur irundarrak Bidasoko Martxoak 8 Asanbladak. 19:00etan bilduko dira, San Juan plazan.
Udalak bat egin du deialdiarekin, eta ia talde guztien izenean (EH Bilduk ez du parte hartu), honako irakurketa egin du:
Irungo udalak bere gaitzespen irmoena azaldu du Nafarroako Murchante udalerrian gertatutako Gasteizko emakumeren hilketa matxistaren aurrean. Irungo udalak elkartasuna adierazten die biktimaren senideei eta hurbilekoei. Irungo udalak gogorarazten du heriotzek emakumeenganako indarkeriaren arazoaren alderdi bat baino ez dutela
erakusten, izan ere, egoera hori emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean sortzen da. Emakumeenganako indarkeria era guztietan (psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala, bikarioa…) emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina.
Tragedia honek berriro dakarkigu gogora hala erakundeek nola euskal gizarte osoak daukagun erantzukizuna, gure udalerrietan Berdintasuna eraginkor egiteko. Zentzu horretan, gure sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen jarraitu behar dugu, etorkizuna ordezkatzen dutenei zuzenduta, gure herritar gazteenei zuzenduta, alegia.