EGI: "Irunen segurtasun arazo bat daukagu"
Cristina Laborda ordezkariaren adierazpenak "harrigarritzat" jo ditu EGIk. Datuak manipulatzea eta "arazoei aurre ez egiteko errealitatea ezkutatzea" leporatu diote udal gobernuari.
Irungo EGI kezkati agertu da, “Irunek segurtasun arazo bat duelako”. Datuetara jo dute gazteek, eta hauen arabera, Irun Euskadiko hirugarren hiririk ez seguruena da. Horregatik harrigarritzat jo dituzte Cristina Laborda Irungo Udaltzaingoaren ordezkariaren honako adierazpenak: “Irun da Getxoren atzetik 50.000 biztanletik gorako hiririk seguruena”. Datuak manipulatzea leporatu diete PSE-EE eta Elkarrekin Podemos-IUri, finean, “arazoei aurre ez egiteko errealitatea ezkutatzea”.
EGItik diotenez, hainbat hilabete daramatzate segurtasunaren gaia lantzen eta herritarren sentsazioak ezagutzeko galdetegi bat ere argitaratu dute. “Emaitzak argiak dira: galdetegiari erantzun dioten pertsonen %80 ez dira seguru sentitzen Irungo kaleetan ibiltzean, bereziki leku jakin batzuetan eta/edo gauean. Segurtasunik eza indarkeriaren, lapurreten, drogazaletasunaren eta poliziaren absentziaren ondorio dela adierazi dute. Sentsazio orokorra (%79,2) da azken urteotan egoerak okerrera egin duela, eta %87,5en arabera, udalaren kudeaketa txarra da arrazoietako bat”, adierazi dute.
Santaren gobernuaren segurtasunik ezaren arazoa ezkutatzeko ahalegin hori agerian geratu dela diote, azken asteetan Irunen izandako gertaerekin. Hiriko hainbat gunetan eta bereziki alde zaharrean izandako lapurretek eta borrokek auzokideen pazientziarekin amaitzen ari direla dio EGIk. Bestalde, Udaltzaingoak udal gobernutik jasotako “tratu desatsegina” ezagutu ahal izan dutela erantsi dute. Haien arabera, “Udaltzaingoaren buruari presio egin zioten kalea husteko, estatuko komunikabideetan atera zitekeelako, agenteak arriskuan jarriz”.
Horregatik eskatu diote Santanori “ostrukarena egiteari utz diezaiola”, eta udal gobernuari, “errealitatea desitxuratu eta ezkutatu ordez, aurre egin diezaiola eta Irungo herritarrok ditugun arazoei konponbidea jartzeko” eskatu dute.