Lehen postutik hamargarrenera jardunaldi bakarrean
Coruñan lehiatu dira asteburuan Euskotren eta Eusko Label ligetako traineruak, eta Mutrikun, aldiz, KAE2 txapelketako ontziak. Ama Guadalupekoaren gizonen lehen taldeak eskuratu du asteburuko bandera bakarra.
Hondarribia Arraun Elkarteko traineru guztiek lehiari ekin diote dagoeneko. Euskotren eta Eusko Label ligetako arraunlariak Cidade Da Coruña Banderagatik borrokatu dira Galizian. KAE2 ligakoak, aldiz, Mutrikuko V. Yurrita Group Bandera izan dute jokoan, Gipuzkoan. Hiru taldeen artean Hondarribia Arraun Elkarteko gizonen lehen eskifaiak erdietsi du asteburuko garaipen bakarra.
Galiziako uretan azkarrena izan zen Go Fit Hondarribiako eskifaia larunbatean 20.16,80 denbora eginda, baina hamargarren postura arte jaitsi zen igandean 21.05,88 markarekin. Gainera, hiru segundoko zigorra jaso zuten berdeek ziaboga egiterakoan arrauna galdu izanagatik. Horren ondorioz, sailkapen orokorraren seigarren postuan dago uneotan Ama Guadalupekoa.
Hondarribia Bertako Igogailuak, bere aldetik, laugarren sailkatu zen bi jardunaldietan, 11.57,12 eta 11.21,22 denborekin. Hala, Euskotren Ligako sailkapen orokorraren laugarren eta azken postuan dago emakumeen eskifaia.
Azkenik, Go Fit Hondarribia Bk laugarren postua erdietsi zuen Gipuzkoan izandako lehian. 20.54,44 marka lortu zuen bigarren traineruak, eta horrek sailkapen orokorraren hirugarren postuan egotera eraman du.