Garai bateko Oiassora itzuliko da asteburuan Irun, ezohiko moduan
Ostegunetik igandera bitarte luzatuko dute aurtengo Dies Oiassonis jaialdia. Pandemiagatik ez da desfilerik, zirkurik eta merkaturik egongo, baina egitarau oparoa prestatu dute astebururako.
Iazko hutsunearen ostean, Dies Oiassonis jaialdia egiteko apustua egingo dute aurten Irungo Udalak eta Oiasso Erromatar Museoak. Ezohikoa izango da erabat, baina hala eta guztiz ere, egitarau oparoa prestatu dute. Ostegunetik (hilak 8) igandera bitarte (hilak 11) luzatuko dute aurtengoa.
Gaur aurkeztu dute egitarau osoa, museoan bertan eskainitako agerraldiarekin. Pandemiaren egoerara egokitutako edizioa izango dela nabarmendu du Junkal Eizagirre Kultura saileko ordezkariak, eta hil hasieran aurreratu zuten bezalaxe, ez da ekitaldi handirik egongo. Beraz, desfilerik, zirkurik eta merkaturik ez aurtengoan. Hala, Junkal plazatxoaren bueltan antolatuko dituzte jarduera guztiak, eta nola ez, museoan bertan.
«Jaialdi ezberdina izango da, baina albiste on bat ere bada, behintzat, iaz bertan behar utzi ondoren, Irungo udako hitzordu garrantzitsu bat berreskuratuko dugu. Hiriko hainbat sektorerekin lankidetzan dihardugu, hala nola merkataritzarekin eta ostalaritzarekin, eta horrela, museoarekin batera, kultura, historia, aisia eta entretenimendua batzen dituen eskaintza erakargarri bat eskaintzen dugu», esan du Eizagirrek.
Egitarauaren barruan, antzerkia nabarmendu dute antolatzaileek, bereziki, La comedia de la cestita antzezlana. Plautok egindako obra klasikoan inspiratutako obra dela azaldu dute, eta Meridako jaialdian estreinatu zuen konpainiak berak taularatuko du. Hitzordua larunbatean (hilak 10) izango da, eta sarrerak dagoeneko eskura daitezke, 12 euroren truke, ohiko bideetatik.
Antzerki eskaintzaren barruan ere autore klasikoen irakurketa dramatizatu batzuk egingo dituzte igandean, 13:00etatik aurrera, Ana Perez, Patxi Perez, Isidoro Fernandez eta Aizpea Goenaga antzezleek; horrez gain, beste ikuskizun bat ere antolatu dute ostiralerako: 20:0etan, Monologoak: Oiasso emakumeak izenekoa. Honetan, Olatz Beobide, Aia Kruse, Naiara Arnedo eta Patxi Perez aktoreak ariko dira, Ana Perez eta Aizpea Goenagaren gidaritzapean. Bi emanaldien sarrera doakoa izango da, eta gonbidapenak emanaldia hasi baino 50 minutu lehenago eskuratu beharko dira, Junkal plazatxoan bertan. 230 lagunentzako tokia egongo da bertan.
Berritasun nagusietako bat Ondare kultur elkarteak ekarriko du aurten. Izan ere, erraldoi bikote berri bat osatu dute, jaialdiari keinu bat eginez. Museoaren kanpoaldean ikusteko aukera izango dute etxeko txikienek, larunbatean 11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 18:30era.
Emakumeak eta gastronomia
Motorrak berotzen hasteko ostegunerako Emakumeak eta gastronomia: Euskal sukaldaritzaren transmisioa, erromatar garaitik egungo abangoardiara izeneko erakusketa inauguratuko dute museoaren barrualdean. Baskoietatik hasi, erromatarren garaitik igaro eta gaur egungo abangoardiaraino egindako ibilbide hori jaso eta kontatuko dute erakusketan, «mendeetan zehar izandako berezitasunak eta aurrerapenak azalduz eta euskal gastronomian emakumeek duten rolari buruz gogoeta eginez». Erakusketa hau urriaren 31era bitarte bisitatu ahalko da.
Era berean, erakusketa honekin lotutako bi afari antolatu dituzte, ostegun eta ostiralerako hain zuzen ere. Euskal sukaldaritzaren historiako plater garrantzitsuenak dastatzeko aukera izango da horietan, «tokiko gastronomian diharduten emakumeen eskutik». Ostegunekoan Ameriketatik ekarritako produktuak eskainiko dituzte Felix Manso jatetxetan; ostiralekoa aldiz, Singular jatetxean izango da.
Ibilbide historikoa, mokadutan
Aurten ere hiriko taberna eta jatetxeekin lanketa berezia egin dute antolatzaileek, eta hala, arrakasta handia izan duen erromatar pintxoen ibilbidearekin bat egin dute ostalari askok. Hala, ostiraletik hilaren 14ra bitarte, garai hartako produktuekin osatutako pintxo ugari probatzeko aukera izango dute irundarrek taberna askotan. Gainera, hiriko berrogeita hamar dendek kalera aterako dituzte euren produktuak, erromatarren garaiko apaingarriekin.