(Erreportajea) Auzoko memoria historia hasiko dira eraikitzen Katean
Landetxa Auzo Elkartea gerra aurretik gerra ondorenera arteko irudiak eta testigantzak biltzen ari da, auzoko memoria historikoa berreskuratzeko helburuarekin.
1936ko Gerrak ekarri zuena denborak berarekin eraman baino lehen, auzoko memoria historikoa lantzen hasi dira Katea-Landetxa auzoan. Familiaz familia eta belaunaldiz belaunaldi kontatu diren istorio horiek, edo kaxoi batean gordetako argazki zahar hori berreskuratu nahi du Landetxa Auzo Elkarteak. Auzotarrekin batera eraman nahi du aurrera lanketa hori, eta, horretarako, 1930etik 1955era, alegia, gerra aurretik hasi eta gerra ondorengora arteko testigantzak, argazkiak, objektuak eta dokumentuak bildu nahi ditu, horrekin bideo bat osatzeko.
Auzotarren artean betidanik izan dute memoria historikoarekiko jakin-mina, Oihana Galardi Landetxa Auzo Elkarteko kidearen esanetan. Era berean, ahotsak.eus proiektuari esker jakin ahal izan zuten auzoan testigantzak bazirela. Orduan proiektuari heltzeko aukerarik izan ez bazuten ere, orain suertatu zaie horretarako beta: “Auzoa, deskubritu genituen testigantzak, eta memoria historikoarekiko izan dugun gertutasun eta lotura izan dira abiapuntua”. Pandemia aurretik hasi ziren lehenengo lanketa bat egiten, Galardiren arabera, “zer nahi genuen, nola nahi genuen…”. Horrez gain, testigantza gehiagorako aukerak sortu zitzaizkien, eta ez zuten aukera galtzen utzi nahi, ikusita, geroz eta gutxiago zirela zuzeneko testigantza eman zitzaketenak. Ez zuten, ordea, proiektua testigantzetara mugatu nahi, eta bukaerako produktua bideo bat izatea erabaki zuten. Bideoa janzteko, batik bat, irudien bila hasi dira orain.
Argazki bilketa bera ere, jendea aktibatzeko, gaiarekiko interesa pizteko eta hitz egiten hasteko baliagarria izan daitekeela iritzi dio auzo elkarteko kideak: ”Argazkiak bildu eta komentatzea onuragarria izan daiteke jendearentzat”.
Bukaerako produktua auzoari eskaini nahi diotela azaldu du Galardik: “Jakiteko garai batean zer zen auzoa, estatu kolpeak nola eragin zion, zein eraldaketa eragin zituen eta sozialki zer suposatu zuen bortxazko eraldaketa horrek”. Bideoa giza eskubideen ikuspegitik landuko dutela azaldu du, eta gaiaren gainean hausnartzeko “lehen pauso” izatea nahi dute.
Jasotzen ari diren altxorrak
Gaur egingo dute material guztiaren errepasoa, baina gutxinaka hainbat “altxor” jasotzen ari direla adierazi du Galardik. Esaterako, Porcelanas Bidasoa enpresan lan egiten zuten emakumeen argazkiak edota auzotarren bilkura jendetsuena. Horrez gain, irudi bilduma handia duen auzoko familia batekin harremanetan daude: “Aitonak betidanik kamara izan du, eta altxortegi hori ireki digute”.
Bukaerako produktu hori urte amaierarako bukatu nahiko luketela aurreratu du Galardik. Behin amaituta, auzoan, erakusketa publiko bat egiteko asmoa du auzo elkarteak. Horretarako, talde motore bat ari da lanean, eta bideoa egingo duen profesinal batekin ari dira guztia aurrera eramaten. Norbaitek materiala partekatu nahi izanez gero, aavvlandetxa@hotmail.com helbidera bidali, 688 669 426 zenbakira deitu edo auzo elkartetik pasatu daiteke; ostiraletan dago zabalik 17:00etatik 19:00etara.