“Irundarron beharrak politika publikoen erdigunean jartzea lortu dugu”
Udal legegintzaldi erdia bete dela eta, azken bi urteetako balorazioa egin du Irungo EH Bilduk. Oihana Briones zinegotziarekin batera, Nekane Zinkunegi eta Oskar Matute izan dira gaurko agerraldian.
Udal legegintzaldi erdia bete den honetan, azken bi urteen balorazioa egin du Irungo EH Bilduk gaur. Agerraldia eskaini dute San Juan plazan Oihana Briones zinegotziak, Nekane Zinkunegi Gipuzkoako arduradun politikoak eta Oskar Matute Kongresuko diputatuak.
Brionesek lehenik Irungo taldeak helburu bezala “irundarren bizimodua hobetzea” izan duela nabarmendu du. Herritarren beharrei lehentasuna eman dietela erantsi du, eta horren adibide gisa udal gobernuarekin adostutako aurrekontu akordioa jarri dute. “Erakutsi dugu erabakietan parte hartzen dugunean herritarren bizi baldintzak hobetzen direla”.
Aipatutako aurrekontu horiei bide emateko taldeak hartutako konpromisoa gogorarazi du zinegotziak, eta horri esker, “pandemiak eragindako krisiak gogorren kolpatutako sektoreei laguntzeko 100.000 euroko partida bat” aktibatu zela. Koalizio subiranistaren egitasmoz, gizarte babesera 270.000 euro bideratu direla gaineratu du irundarrak. Besteak beste, Zubia zentroa 24 orduz irekitzea, babesgabetasun egoerako herritarrentzako tailer okupazionalak edota egoera zaurgarrian dauden haurrei bideratutako programak nabarmendu ditu.
Horrez gain, taldeari esker ere auzoz auzoko ikerketa soziolinguistikoa egingo dutela esan du, eta udal zerbitzuak auzoetara bideratzeko 62.000 euroko partida bat jaso zutela aurrekontuetan. Eta luzera begira, 2023ra arteko sei milioi euroko konpromisoa hartu du udal gobernuak, “alokairuko etxebizitza parke publikoa eratzeko”.
“EH Bildun argi dugu ez direla guk egingo genituzkeen aurrekontuak eta ez gaituzte asetzen. Baina lanean jarraituko dugu irundarren beharrak politika publikoen erdigunean jartzeko, eta akordioa lortuta, COVID19-ak baldintzatutako garaian, irundarron ongizatea aurrekontuetan txertatzea lortu dugu. Lau mila irundarrek babestu gintuzten 2019ko udal hauteskundeetan, eta egunez egun, babes handiagoa dugula sentitzen dugu. Legealdiko datozen bi urteetan, baita aurrerago herritar irundarren interesak politika publikoen erdigunean jartzeko lanean jarraituko dugula”, erantsi du zinegotziak.
Brionesen ostean Zinkunegik hartu du hitza. “Pandemiak erakutsi du herritarren beharrak politika publikoen erdigunean jarri behar direla. EH Bildu horretan ari da lanean, eta tresna politiko erabakigarria dela erakutsi du”.
Amaitzeko, Matutek pentsiodunen aldarrikapenak mahai gaineratu ditu. Pentsiodunen eskaerei bide eman behar zaiela esan du, “ez dela aski KPIa igotzearekin”.