Athleticekoa da Mariasun Quiñones
Atezain hondarribiarrak hiru urterako kontratua sinatu du Bilboko taldearekin. Realeko azken sasoia "gogorra" izan dela adierazi du.
Mariasun Quiñones futbol atezain hondarribiarrak hiru urterako kontratua sinatu du gaur Athletic Club taldearekin. Sinadura ekitaldiaren ondoren, Bilboko taldeak jokalaria aurkeztu du. Futbol taldearen webguneak jaso dituen adierazpenetan, etapa berriari ekiteko “gogotsu” dagoela esan du Quiñonesek, eta adierazi du Realean emandako azken urtea “gogorra” izan dela: “Nigan jarri duten konfiantza eskertzekoa da. Euskal Herrian geratzea nire helburuetako bat zen, eta lortu dut”.
Hondarribiarrak zehaztu du txikitatik jarraitu duela Athletic, “historikoak eta legendak izan diren jokalariak izan ditu, bai neskak zein mutilak”. Adierazi du talde zuri-gorriari egin diezaiokeen ekarpenen artean daudela esperientziak ematen dituen lasaitasuna eta pazientzia.
2020-2021 sasoia Athleticen nesken taldeak aspaldian egin duen eskasena izan da. Horri aurre egin, eta ilusioz lan egingo dutela adierazi du atezainak.