Udan zehar migratzaileak artatzeko hirurehun plazatik gora aurreikusi dituzte
238 migratzaile hartzeko plana prestatu du Eusko Jaurlaritzak Irunen, eta ehun, Hondarribian. Hiru agertoki bereizi dituzte udako kontingentzia planean.
2021. urteko udari begira migratzaileak artatzeko kontingentzia plan berezia aurkeztu zuen atzo Eusko Jaurlaritzako Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika sailburuak. Xabier Legarreta Migrazio eta Asilo zuzendariarekin batera egin zuen agerraldia Artolazabalek Irunen, Iragaitzazko Migratzaileei Harrera egiteko Erakundeen arteko Koordinazio Mahaiaren bilera egin ondotik. Irungo eta Hondarribiko udaletako ordezkariek parte hartu zuten bilkuran.
Artolazabalek zabaldu zuenez, denera, 338 plaza eskaini ahal izango zaizkie migratzaileei Irunen eta Hondarribian; 238 eta ehun, hurrenez hurren. Plaza horiek, hala ere, egoeraren arabera aktibatzen joango direla zehaztu zuen arduradunak.
Hori horrela, hiru agertoki bereizi dituzte planean: A eszenatokian egunero ehun migranteri harrera egiteko baliabideak piztuko dira; B agertokian kopuru hori berrehunera handituko da; eta azkenik, C eszenatokiak, “ohiz kanpokoa” kontsideratua, egunero laurehun lagunetik gora hartzeko gaitasuna izango du.
Plaza horietako gehienak Irungo Hilanderas, erromesen aterpetxean, eta hainbat ikastetxe publikoren artean banatuta daude; Hondarribian, Jostaldi pilotalekuan eskainiko zaie ostatua migratzaileei. Gainontzeko baliabideak Errenteria-Oreretan, Donostian, Bilbon eta Gasteizen kokatuko dituzte.