"Harrera selektiboa eta bidegabea" egitea leporatu die harrera sareak erakundeei
Eusko Jaurlaritzak aurkeztu berri duen Kontingentzia Plana nahikoa ez dela salatu du Irungo Harrera Sareak. Plan honetan soilik "pertsona onargarriak" artatzea aurreikusi dutela diote amorruz.
Eusko Jaurlaritzak aurkeztu berri duen Kontingentzia Planaren gaineko irakurketa egin berri du Irungo Harrera Sareak. Haserre azaldu dira eta baliabide gehiago eskatu dituzte, hedabideei gaur bertan bidalitako ohar batean. Plan honen arabera, 238 migratzaile hartzeko gai izango dira Irunen, eta ehun, Hondarribian. Bidasotik igarotzen diren guztiak artatzeko exijitu dute, azken hilabeteotako egoerak errepika ez daitezen.
Lehenik eta behin, planak “irizpide diskriminatzaileak” aplikatzen jarraitzen dituela salatu dute, finean, “bazterkeriari eusteko” baliabideak aurreikusi dituela jaurlaritzak. Berriz ere lagun asko aterpetxeetatik kanpo geratuko direla diote, eta aurkeztu berri dituzten neurriek “euren zaurgarritasuna areagotuko” besterik ez dutela.”Ikusi dugu politika horrek zer ematen duen. Oraingoz, bi pertsona hil dira”, esan dute amorruz.
Plan honetan soilik “pertsona onargarriak” artatzea aurreikusi dutela erantsi dute sarekoek, eta Hondarribian zein Irunen dauden aterpetxeak egokitzeko eskatu dute. “Ez dirudi prest daudenik bertan harrera egiteko”.
“Behar dutenei egonaldi duina bermatzen dieten aterpetxe eta baliabideak daudenean, ez dirudi bidezkoa horrelako baliabideak martxan ipintzea, hamakaz betetzea. Ez gaude lurrikara edo hondamendi natural baten aurrean. Migratzaileen etorrera migrazio zikloen zati bat da, eta neurri handi batean administrazio guztiek beren eskumen esparrutik aplikatzen dituzten Europako lege arrazistek baldintzaturiko fenomenoa da. Gutxienez, euren kudeaketa egoki planifikatzeko eskatzen diegu erakundeei, ez dezatela beren neurriek sortzen duten zorigaitza areagotu”.
Amaitzeko, “harrera selektiboa eta bidegabea” egitea leporatu diete erakundeei. “Hau al da nahi dugun harrera gizartea?”, galdera bota dute amaitzeko.