Abotsanitzek "oso positiboa" iritzi dio apustu etxeen aurkako erabakiari
Hondarriba apustu etxerik gabeko herria izan dadin mozioa aurkeztu zuen Abotsanitzek osteguneko osoko bilkuran; udalbatzak aho batez babestu zuen proposamena.
Hondarribiko Udalbatzak apustu etxeen aurka aho batez hartutako erabakia txalotu du Abotsanitz Herri Batzarrak. “Oso positiboa” dela erabakia adierazi dute udal taldeko kideek. EAJren udal taldeak egindako ekarpenaren ondotik jaso zuen babesa proposamenak.
Zabaldutako informazioaren arabera, “arazoa ez dela honekin konponduko” jakin badakitela adierazi dute Abotsanitzeko kideek, “apustuak eta jokoa ez direlako establezimendu horietan bakarrik gertatzen, badira joko makinak herriko zenbait tabernetan eta, batez ere, online jokoa dago. Gizarte osoaren inplikazioa behar da ezkutuko droga honen aurkako muga eraginkorrak ezartzeko, eta pairatzen dutenei behar duten laguntza emateko”.
Bi puntu jasotzen ditu mozioak:
- Hondarribia apustu etxerik gabeko herri izendatzea. Establezimendu horien kontrako mugak ezartzea edo legeak baimentzen dituen neurri murriztaileenak kontuan hartzea. Kirol jardueretan eta hiriko eremu publikoetan apustu etxeen publizitatea edo sustapena debekatzea. Eta udal instalazioetan apustu edo joko makinarik ez onartzea.
- Prebentzio Komunitarioko Udal Zerbitzuari ikastetxeetan gaiari buruzko kanpaina iraunkor bat prestatu dezala eskatzea, baita nerabeak eta gazteak elkartzen diren tokietan ere. Datorren ikasturteari begira proiektu bat aurkeztea edo lanketa bat abiatzea eskatu zaio, halaber, Prebentzio Komunitarioari.
Irakurri Jokoaren amildegian behera ludopatiaren inguruan HITZA-k argitaratutako erreportajea.