[Galeria] «Irun pasabide, pausa eta geraleku abegikor bihurtu nahi dugu»
Elkarretaratze musikatua egin dute gaur arratsaldean San Juan plazan, «hemendik igarotzen diren migratzaileei herriaren elkartasuna adierazteko» asmoz. Reparation Posse-k eta bere lagunek mobilizazioa girotu dute.
Elkarretaratzea musikatua egin dute gaur arratsaldean San Juan plazan, «hemendik igarotzen diren migratzaileei herriaren elkartasuna adierazteko» asmoz. Manifestariak girotzen dabiltza Reparation Posse-k eta bere lagunak, Irungo Harrera Sarearen eta Lakaxitaren egitasmoz.
«Mamadou, Aicha, Marcelle, Ibrahima, Bah,Brigitte, Abdoul, Yaya… 2018ko udaz geroztik, Irungo Harrera Sarea osatzen dugunok ezagutu eta ezagutzeko ditugun lagunen izenak. Bidaiariak. Bizitza salbatu edo hobetu nahi dutenak. Transitoko migrante etiketa maltzurrak ezkutarazi eta desagerrarazi nahi dituzten pertsonak. Gizatasuna kendu nahi dieten politika arrazistek, animaliak bailiran ehizatu eta txikitzen dituzten kideak», esan dute gaurko elkarretaratzean.
Irun «pasabide, pausa eta geraleku abegikor» bihurtu nahi dutela erantsi dute Harrera Sarekoek, «behar duenari, eskubideak jazartzen zaizkionari, bizitza ere arriskatzera behartu duenari nolabaiteko abagune eta sostengua emateko». Migrazioa eta heriotza sinonimoak ez direla gaineratu dute, eta aldaketa exijitzeko unea dela oihukatu. Beste behin Euskal Herria harrera herria izan behar duela esan dute ozenki, «inor ez delako ilegala, zubiak eraiki behar ditugulako eta hesiak bota». Arrazismoa eta neokolonialismoa kanporatu beharra dagoela diote, eta ez pertsonak, «haiek gu baitira».