[Galeria] Alardean desfilatzeko pausoa eman zuten emakumeek merezitako aitortza jaso dute
Orain dela 25 urte Irungo 57 emakumek hasitako borroka oroitu eta omendu dute gaur, “herritarrek ezagutu eta inoiz ahaztu ez ditzagun”.
Orain dela 25 urte Irungo zenbait emakumek hasitako borroka oroitu eta omendu dute gaur, Parean elkartearen egitasmoz. Aurten 25 urte beteko baitira jaietan berdintasunean parte hartzeko hautua egin zutenetik hiriko emakumeek, alardean desfilatzen hasi zirenetik. Orduan pauso hori eman zuten emakumeekin batera paseo berezi batez gozatzeko aukera izan dute irundarrek. Ordutik gaur egungora arteko errepasoa egin dute hamarka eta hamarka lagunek Mertxe Trantxe historialariarekin batera, orduan eta ordutik gertatutakoa “herritarrek ezagutu eta inoiz ahaztu ez ditzagun”.
Gaurkoak, alde batetik, emakumeek alardean duten parte hartzeko eskubidearen aldeko borrokak eman duena belaunaldi berrien eskura jartzea izan du helburu, baina baita ere “alarde parekide eta bakarra lortzen ez dugun bitartean borrokak jarraitu behar duela aldarrikatu eta erakunde publikoei emakumeen eskubideak errespeta ditzatela exijitzeko” baliatu dute gaurkoa. Azkenik, 1996ko San Martzial egun berezi hartan lehenengoz desfilatu zuten 57 emakume horiek omentzea izan da asmo nagusia. Guztiak ezin izan dira bertaratu, baina askok jaso dute merezitako aitortza, Ama Xantalen ermitan egindako ekitaldian.
“Oraindik amaitu ez den borroka luzea izaten ari da. Hiriaren egun handian jendarteak bitan zatitua ospatzen du jaia. Egia da asko aurreratu dugula, lehen hamarkadako indarkeria eta isekak baretu egin direla, eta geroz eta gehiago gara emakumeen eskubideen alde batzen garenak. Alarde bakar eta parekidea lortu bitartean baina, bidea eta borroka ez da bukatu. Gogorra bezain aberatsa izan den bidea eta urtemuga berezi eta borobil hau ez dadila ahanzturan gelditu”, erantsi dute gaurko paseoan.

