[Elkarrizketa] "Vila-Realen inplikazio handia dago harrobiarekin"
Urte gogorra, baina arrakastaz beterikoa izan du entrenatzaile hondarribiarrak Vila-Realen. Sorterrian da egunotan. Opor aroa, besteak beste, Real Unionen akzioak erosteko baliatu du.
Goreneko mailako kirolean zabiltzan heinean, eta orain herrian oporretan zaudela, zaila egiten al da eguneroko arduretaz ahaztea? Zer bilatzen duzu herrira zatozenean?
Oporretan Hondarribira iristean egiten dudan lehenengo gauza izaten da itsasoa ikusi, gure Kantauri itsasoa ikusi etxera iritsi baino lehen. Noski, ondoren familiarekin nago. Eta sendiarekin nagoenean Unai Emery anai, semea, aita eta iloba naiz. Ez entrenatzailea. Ondoren lagunekin egoten naiz. Herrian lasaitasuna bilatzen dut, Hondartzara joan, Guadalupera igo, familia eta lagunekin egon, bai Hondarribian zein inguruko herrietan.
Vila-Realekin sasoi handia egin duzu. Ligan zazpigarren, Europa Leagueko irabazle, Kopan final-laurdenetan… Zeintzuk izan dira gakoak, denboraldi osoan zehar, taldea beti lehiakor izateko? Nola kudeatzen da plantilla bat hain denbora luzean beti konpetitibo izateko?
Hasteko, garrantzitsua da jokalari onak izatea. Gero, lanerako egitura oso egokia izatea ere inportantea da. Oso azpiegitura onak ditugu Vila-Realen, entrenamendurako behar dugun guztia dugu bertako kirol instalazioetan. Kondizio oso onak daude. Ondoren, taldearekin egin beharreko lana dago. Eta hor garrantzitsua da jokalariak ezagutzea, bai pertsona bezala bai eta euren futbol gaitasunen aldetik. Mentalitatea ere eraiki behar da; irabazteko mentalitatea sortu behar da, baita konpetitiboa izatekoa ere, lehia edozein dela ere. Taldearen erantzuna iraunkorra izan da; une zailetan ere bai bakarka zein era kolektiboan oso indartsu egon dira jokalariak. Eta une garrantzitsuenetan jakin dute mentalitate indartsuarekin izaten eta zailtasun horiei aurre egiten, Europa Leagueko Arsenalen kontrako finalerdian eta Manchester Uniteden kontrako finala kasu.
Harrobi kontuetan ere, Vila-Real Espainiako Ligako taldeen artean abangoardian dago. Azken urteetan oso jokalari on eta lehiakorrak ateratzen dira bertatik. Zein da metodoa?
Proiektua egonkorra da, batik bat harrobiarekin egiten den lanagatik. Inplikazio handia dago bertako harrobiarekin. Espainiako Estatuan 3-4 talde izango dira Vila-Realek adina garrantzia ematen dietenak harrobiko lanari. Niretzat gazteekin lan egitea, haiekin batera egiten den prozesua, eta nola mailaz gora egiten duten ikustea, sekulakoa da. Oso gustura egiten dut hori. Gainera, aukera dute, dugun anbizioaren ondorioz, Europako txapelketetan lehiatzeko eta emaitzak lortzeko. Maila oso on horretan harrobiko jokalariekin ere egotea harro egotekoa da, eta nire partetik garrantzia ematen diot Vila-Realen harrobiarekiko dagoen inplikazioari.
Baina sasoiko gorena, Gdansk-eko finala izan zen. Orain, denborarekin, nola ikusten duzu maiatzaren 26ko gau hori?
Saiatu ginen bideko pauso bakoitzari garrantzia ematen. Une bakoitza bizitzea zerbait berezia bezala. Azken batean, final batera iristerakoan, hor bukatzen da dena. Zerbaiten azken partida da. Eta irabazi edo galdu, azken urratsa da, baina oso denbora tarte gutxikoa. Irabaztearen eta galtzearen arteko aldea oso txikia da, marra mehea da. Orduan, finalera iristeko egindako lan guztiaz gozatu dugu, eta azken unean irabaztea edo galtzea marra mehea denez, gozatzea zen asmoa. Irabazi genuen, eta profesionalki oso garrantzitsua izan bazen ere, emozionalki une hori baliatu genuen gure zaleekin batera egindakoa ospatzeko. Gure jarraitzaile guztiekin konpartitu genuen garaipena. 50.000 biztanle ditu Vila-Realek, eta oso lorpen garrantzitsua izan da.
Biztanleetan, Irun baino txikiagoa da Vila-Real. Nolatan da posible hain goian izatea futbol taldea?
Vila-Realen proiektua batik bat Fernando Roigek eta bere familiak aurrera atera dute. 24 urte daramatza presidenteak taldearekin lanean, eta hasieratik garbi izan dute egitasmo egonkor bat sortu behar zutela, denboran iraungo zuena. Bigarren Mailan, Lehen Mailan, edo Europan zehar partida asko jokatutakoa da ordutik taldea. Bere anbizioa izan da herri txiki batean egitasmo handi bat gauzatzea. Eta horretarako inguruko enpresen babesa du, Pamesa zeramika enpresarena adibidez, baina herriko jendeak ere inplikazio handia du klubarekiko. Baina batez ere, Roig da egitasmoaren burua eta hark egin du posible aurrean jarri diren erronka guztiei aurre egitea. Proiektua berea eta bere familiarena da. Niretzat ohorea da bertako partaide izatea, eta Europa Leagueko garaipena hari eskaini nahi diot.
Valentzia, Sevilla, Moskuko Spartak, Paris Saint Germain, Arsenal… Baten batek esan zuen, iazko udan Vila-Realera iritsi zinenean, zure karreran atzera urratsa egin zenuela.
Futbolean hasi nintzen niretzat sentimendu bat delako, pasio bat. Nire lanbidea da. Gazteak zein profesionalak entrenatzen ibiltzen naizenean pozik sentitzen naiz. Sevilla, Valentzia, Almeria, Lorca, PSG, Spartak, edo Arsenal entrenatzea handia izan da niretzat. Horiek eta Vila-Realek dituzten helburuak ezberdinak dira, talde bakoitzak berea du. Baina denek dute egitura profesionala, oso jokalari onekin. Gainera, ia denek lantzen dute harrobia eta bertako jokalariak lehen talderako erabiltzeko aukera dago. Vila-Realeko aukera nire entrenatzaile ibilbidean beste etapa bat bezala hartu dut; ez nuen pentsatu aurrera edo atzera egitea zenik. Hau lana da, eta profesionalki gustura banago, aurrera egingo dut egitasmoa garatzen eta lanean.
2021-2022: erronkaz betetako denboraldia aurretik berriz ere. Champions League, Liga, Europako Superkopa, Kopa… Hori zer da zuretzat, presioa, edo motibazioa?
Hasteko, guretzat oso polita izango da jokatu ez dugun lehia batean aritzea, Europako Superkopan, Chelsearen kontra. Haiek izan daitezke faborito, baina guk ere gure aukerak izango ditugu eta horiek baliatuko ditugu. Beraz, motibazio oso handia da entrenatzen hasi eta lehen helburu hori dugula jakitea. Bestalde, urte oso polita dugu aurretik. Ligan, gure helburua da goialdeko postuen alde lehiatzea, eta nola ez, Europan Champions Leaguen gaude. Hori erronka da guretzat, ikusi behar dugulako zein gaitasun dugun munduko talde onenekin lehiatzeko. Kopa ere hor dago, beti dago hor beste titulu bat gureganatzeko aukera. Zaila da dena, ordea. Baina urrats bat aurrera egin nahi dugu, ez gara konformatuko aurreko sasoian egindakoarekin. Hori hobetu nahi dugu.
Azken berriak dira, Real Unionen akzioen zati handi bat erosi duzula familiarekin batera. Zein izan da zuen motibazioa horretarako?
Beti buruan izan dut nola lagundu Real Union. Bertako akzioen gehiengoa erostea sentimenduz eginiko ekintza izan da. Nire aitonak han jokatu zuen, aitonaren anaiak ere bai, aitak, osabak… Horregatik beti izan dut Real Union nire buruan. Nola parte hartu, nola lagundu izan dut maiz buruan. Orain aukera izan dut eta horri eutsi diot. Presidentearekin hitz egiten egon nintzen, eta esan zidan haientzat ere aukera ona zela gure laguntza, bai ekonomikoki eta proiektu bat lantzen ere, Bidasoa eskualdeko egitasmo bat. Irun, Hondarribia eta Hendaia barnebilduko dituen egitasmoa dugu buruan, baina are zabalago ikusten dut esparrua, Nafarroa aldera ere zabalduz, Lesakara, Berara… Reala eta gero, Eibar taldea dago Gipuzkoan bere lanerako esparru geografikoa duena, eta uste dut Real Unionek ere baduela berea. Hortaz, errepikatu nahi dut niretzat Real Union laguntzea sentimenduzko erabakia izan dela, eta nire familiarekin batera hori gauzatzeko aukera ikusten dut. Nire lana daukat Vila-Realen, eta ez dut nire egunerokoa aldatuko. Han jarraituko dut buru-belarri. Baina orain, opor aroan, nire anai eta abokatuarekin zehazten ari garan nola lagun daitekeen aurrerantzean. Baina betiere Irungo eta Hondarribiko herritarrekin nahi dugu dena garatu.
Realeko jokalari izandakoa zara. Gainera, duzun lanagatik, Gipuzkoako talde nagusienaren jarraipena egitea tokatzen zaizu. Nolakoa da Realarekin duzun harremana?
Egondako talde guztietatik ditut oso oroitzapen onak. Realean egon nintzen 14 urtetatik 24 bete nituen arte. Reala da nire lehen taldea. Sentimenduz Real Unionekin ere oso lotua nago, Bidasoko talde nagusia delako. Beti ikusi behar da, gainera, talde bakoitzak zein leku daukan. Realak berea du, baita Real Unionek ere. Bestalde, egon naizen talde guztiekin oso eskertua nago, hainbat kultura eta herrialde ezagutzeko aukera izan dudalako, beste futbol estiloak, profesional on asko, futbolariak… Toki guztietatik dut zerbait gordeta. Baina errepikatzen dut, niretzat lehen taldea Reala da, eta oso toki garrantzitsua du nire baitan Real Unionek.