[Elkarrizketa] «Egunerokotik ateratzen diren zertzeladak gustatzen zaizkigu»
Hondarribiko Musika eta Dantza Eskolak 2021-2022 ikasturterako matrikulazio kanpaina zabaldu du. Ohiko eskolez gain, gainontzeko jardueretan jarri du arreta Barandiaranek, «hezkuntza osatzen dutelako».
Matrikulazio kanpainan murgilduta zaudete. Zer eskaintzen du Hondarribiko Musika eta Dantza Eskolak?
Barne matrikulazioa bukatuta kanpoko edozeinek eman dezake izena hil honetan eta uztailean zehar. Musika eskola bat denez bere izaera oso irekia da. 0-3 urte artekoentzat gurasoekin etortzeko eskaintza dugu, bereziki saio sentsorialak dira. 4tik 6 urtera musikara hurbiltzen hasten dira, eta 7 urtetik aurrera instrumentua aukeratzen dute. Diziplinen artean, besteak beste, daude: pianoa, gitarra, trikitixa, biolina, txeloa, flauta, klarinetea, txistua, perkusioa, saxofoia, tronpeta, tronboia, dantza klasikoa eta euskal dantza. Haur, gazte eta helduei zuzendutako eskaintza da.
Zein izaten da arrakastatsuena?
Musika eskolan partekatzearena izaten da arrakastatsuena, taldean aritzea. Pandemiak egoera honetan ez digu laguntzen, baina hala ere, ikasturte honetan ia 50 momentu sortu ditugu ikasleek euren lana erakusteko. Eta helburua bete dute: eszenatokian jartzea eta etxekoek ikustea zer egin duen.
Nolako metodologia erabiltzen duzue?
Egunero saiatzen gara kanpoan egiten diren gauzak barneratzen. Adibidez, A Tempo jaialdia egiten denean otsailean saiatzen gara eskolako klase guztiak zeharkatzen, esaterako: diziplina ezberdinetako irakasleak beste geletara sartzen gara, dantza ikasleak ez direnentzako mugimendu tailerrak daude, edo gorputz perkusioa lantzen dugu baina ez perkusionistentzat. Transbertsalitate horri heltzen diogu gureaz gain gehiago eskaintzeko gai garela ulertzen dugulako, eta horrek, gainera, hezkuntza osatzen duelako. Egunerokotik ateratzen diren zertzeladak gustatzen zaizkigu, eta eskolari pertsonalitatea ematen diote.
A Tempo jaialdiaz gain, urtero kontzertu pedagogikoak egin ohi ditugu, nahiz eta aurten pandemia dela-eta ezin izan ditugun antolatu. Beharbada beste formatu batean izan beharko du, baina ikastetxeengana nola hurbildu asmatu behar dugu.
Zenbat lagunek osatzen duzue eskola?
Azken ikasturtean ia 300 ikasle izan ditugu eta hemeretzi irakasle. Familia ederra, bai. Jende asko gara eta horrek tarteka gauza berriak antolatzeko aukera ematen digu. Asko aberasten du funtzionamendua. Asteartean, adibidez, musika modernoan oinarritutako kontzertu tailerra egin genuen parkean, eta Kasino Zaharrean, adibidez, agertoki bat muntatu dugu ekainean gauzatxoak kalera ateratzen joateko.
Musikari harrobia al dago herrian?
Diziplina guztietako zazpi ikasle izan ditugu aurten Andoaingo Piano Jaialdian eta urrezko domina bana jaso dute. Euskal Herriko Ikasleen Orkestran ere gure bi ikasle hautatu dituzte. Sei ikaslek kontserbatoriorako probak egin zituzten asteartean, eta horietatik bostek plaza lortu dute. Eta aurten 24 gazte oinarrizko hezkuntza bukatu eta diplomatuko dira, eta adineko pertsonak izango dira agiria banatuko dutenak. Dibertsitate Galan ere egon gara eta ikasturte osoan ia 50 momentu sortu ditugu. Beraz, bai, harrobia dago.