[Bideoa eta galeria] LAB: "Gaurko mobilizazioan muga modu duin eta seguruan zeharkatu duten migratzaileak izan ditugu lagun"
Ekintza Sozialeko topaketek geldialdia egin dute gaur Irunen; jardunaldiaren ondotik, inor ez dela ilegala aldarrikatu dute sindikalistek Hendaiako Herriko Etxera arte egindako manifestazioan.

Hausnarketa eta mobilizazio eguna izan du gaur LAB sindikatuak Irunen. Hamarnaka lagun bildu ditu Ekintza Sozialeko topaketak, baina hainbat gehiago batu dira Irungo Dunboa ikastetxea eta Hendaiako Herriko Etxea lotu dituen manifestazioara. Inor ez dela ilegala aldarrikatu dute kideek Mugak apurtu, zubiak eraiki lelopean egindako protestan. Areago, sindikatuko ordezkariek amaierako ekitaldian gehitu dutenez, “gaurko mobilizazioan muga modu duin eta seguruan zeharkatu duten migratzaileak izan ditugu lagun”.
Hainbat izan dira maskara eta eskularru beltzak, eta izerditzeko-jertse gorria jantzi dituztenak. Migranteen aldeko aldarrikapenak eta oihuak entzungai izan dira ibilbidean zehar, bereziki, Santiago zubia zeharkatzerakoan. Hendaiako Herriko Etxera arteko bidea egin dute manifestariek aldarrikapen oihuen artean.
Bidean, baina, pertsona batzuk aldendu dituzte mobilizaziotik. Horiek elkartu eta beste leku batera eraman dituzte, geroago egindako ekitaldian ziurtatu dutenez, “muga modu duin eta seguruan” igarotzea ahalbidetuz. “Muga hau arriskutsua bada aplikatzen zaion salbuespen polizia eta politikarengatik dela” erakutsi duteladierazi dute, “inor ez baita ilegala”. Are gehiago: “Bada garaia bizitzari mugak irekitzeko eta kapital anker eta esplotatzailea desegiteko”.
Aldarrikapenak
Manifestazioa bukatutzat emateko Herriko Etxean egindako geldialdian ekitaldia burutu du LABek. Adierazi dutenez, “gaurko ekintzak mugak desegitea eta zubiak eraikitzea du helburu. Izan ere, “Irun eta Hendaia arteko muga inposatuak egiten du gure herria bortxatu”, eta ildo horretan, ez LABek ezta “euskal herritar askok” ez dutela muga onartzen erantsi dute.
“Gure herria banatzen duen leku ikusezin eta militarizatu hau milaka pertsonek gurutzatzen dute inoiz betetzen ez den bizimodu hobe baten bila. Errealitate bidegabe horren aurrean, LABen Ekintza Sozialeko komunitateak manifestazioa egin dugu migrazio politikak eta bizitza gehiegi baldintzatuko dituen ondorio latzak salatzeko”, aldarrikatu dute.
Gaineratu dutenez, egoera “larria” da, eta agintariek jakin badakite “zer gertatzen den eta zein baldintzetan ari den ematen”. Migrazio politikek, hala ere, “oinarrizko eskubide bat eragozten dute, hau da, bizi baldintza duinak lortzeko helburupean emigratzea”.
Bukatzeko, arduradun politiko eta instituzionalak interpelatu ditzute: “Euskal Herria benetako harrera herria izan dadin, benetako baldintza materialak sor daitezen, etorkizun hobea bilatzen duten herritarren hilerri bihurtu ez dadin bermatzeko”. LABen programa sozioekonomikoak aldarrikapen horiek guztiak barneratzen dituela esanez amaitutzat eman dute ekitaldia.
Ondokoak dira mobilizazioak utzitako irudi sorta eta bideoa:

























































