[Erreportajea] Hezkuntza komunitateak saretzen jarraitzen du Irunen
Azken hilabeteetako aldarrikapenei jarraipena emanez, hiriko hezkuntzaren gaineko diagnostikoa egin berri du Hezkuntza Plazara dinamikak. Bihar aurkeztuko dituzte ondorioak, San Juan plazan.

Irungo irakasle, guraso, ikastetxetako garbitzaile, jangelako begirale, edo autobus gidariak dira. Sare indartsua osatzen aritu dira azken urte luzean Irunen, hezkuntzak urte berezi honetan bizitako egoerarekin kezkati eta beldurti agertu baitira eskolak inguratzen dituen komunitateko kideak. «Planifikazio eza»leporatu diete erakundeei, eta horren ondorioz, osasuna eta kalitatezko hezkuntza bermatzeko arazoak izan dituztela. Mobilizazio ugari egin dituzte iaztik, eta orain, hiriko hezkuntzaren gaineko diagnostiko bat egin dute. Bihar publikoki aurkeztuko dituzte ondorio horiek, San Juan plazan egingo duten ekitaldi batekin. 18:00etan bilduko dira eta herritar orori luzatu diote bertaratzeko gonbita.
«Ikasturte honen hasieran oso bakarrik sentitu ginen bai irakasle eta baita ere komunitateko partaide guztiak, eta beharra ikusi genuen bizi dugun egoeraz kezka eta premia larria gizarteratzeko», azaldu du dinamikako kide eta irakasle Eneko Sanchezek. Pandemia aurretik hezkuntzan «gabezia» ugari ikusten bazituzten, osasun larrialdiak egoera areagotu besterik ez duela egin salatzera etorri dira. Ratioak, ordutegiak, kontziliazioa, baliabide teknologiko urriak… Pandemiak egoera horiek guztiak «biderkatu» dituela uste dute, eta beharrezkoa ikusi dute erakundeek egin ez duten lan hori egitea.
Apirilean galdetegi bat zabaldu zuen dinamikak, Irungo hezkuntza komunitateak dituen kezka, behar eta arazo nabarmenenak zeintzuk diren argitzeko. Horretarako, ia mila lagunekin (924 izan dira guztira) harremanetan jarri dira, guztiek inkesta bat erantzun zezaten. Orotara, Irungo hemezortzi ikastetxeetako kideek parte hartu dute galdetegian. Zehazki, 523 familiak, 287 hezitzailek, zuzendaritzako kideek (hamabost), 45 jangelako langilek, 31 ikaslek eta 23 bestelako langilek (atezainak, garbitzaileak, administrariak…) erantzun dute galdera sorta.
Bihar diagnostiko horren ondorio guztiak aurkeztuko dituzten arren, Sanchezek horietako batzuk aurreratu nahi izan ditu. «Lehen ondorio garbia da aurretik genituen kezka eta beldur horiek berretsi direla. Erakundeek jarritako baliabideak ez dira nahikoak izan, ez dira iritsi etxeetara, ezta ikasleengana ere. Esparru guztietan, gainera. Jangelen kasua oso larria da, eta garbitzaileen egoera ere izugarria da, gauza asko daude aldatzeke», erantsi du dinamikako kideak.
Orain, diagnostiko hori eskolaz eskola aurkezten hasi dira, eta gero, udal gobernuari eta gainerako alderdiei aurkeztuko diete. «Hau ez da eraso bat inondik inora, erreminta bat eman nahi diegu. Guk ez genuen zertan lan hau aurreratu beharrik, baina beharrezkoa zen, norbaitek egin behar zuen».
Borrokan jarraitzeko prest
Erakunde eskumendunek kasu egin arte, presionatzen jarraitzeko asmoa du dinamikak: «Hau hasi besterik ez da egin». Izan ere, Sanchezek salatu du datorren ikasturteari begira iaz abiatutako «laguntza txiki horiek murrizten» hasi direla jada, finean, «iazko egoera berbera errepikatuko» dela. Hortaz, egoerari bira eman arte eskoletan eta kaleetan borrokan jarraitzeko prest daude irakasle, guraso eta bestelako langileak, «hezkuntza denena baita eta denok dugulako zer esan eta zer egin».
Talde irekia dela nabarmendu du Sanchezek, deialdiak eta bilerak irekiak direla, eta edonork interesik balu, haiekin harremanetan jar daiteke. «Guretzat komunitatea dena da, autobus gidariak, garbitzaileak, atezainak, jangelako langileak, irakasleak, gurasoak, ikasleak… Denek eragiten dugu hezkuntza formalean eta ez formalean, zuzenean edo zeharka. Funtsezkoa da komunitatea ehundu eta indartzea. Horretan jarraituko dugu».