[Elkarrizketa] «Hobe da kirola nahi duzunean uztea, kirolak zu uztea baino»
Hamahiru urtez Bidasoan jokatu du, eta agur esango dio eskubaloiari asteburuan. Ligako bigarren eta Europarako sailkatuta utzi du kluba irundarrak. «Amets asko bete ditut Bidasoan; ohorea izan da»
Jokalari gisa zure ibilbidea bukatzeko horrelako amaiera bat espero zenuen?
Egia esan, ez. Bidasoan jokatzen hasi nintzenean bigarren mailan geunden, egoera oso larrian zegoen kluba. Eta Asobal Ligan bigarren postuan amaitu dugu, aurreko urtean Championsa jokatuta, eta taldea Europarako sailkatuta dagoela, gainera Kopako final bat jokatzeko aukerekin. Ez nuke sekula pentsatuko hori guztia lortzeko gai izango nintzenik. Erretiratzeko une onena da.
Penaz hartu duzu erabakia?
Pena pixka bat sumatzen dut, bai, baina gogoz nago. 16 urte eman ditut profesional bezala jokatzen, denbora asko eskaini diot kirol honi. Eguneroko entrenamenduak, asteburuko bidaia luzeak… Orain bestelako betebeharrak ere baditut. Bigarrenez aita izango naiz, denda bat dut Irunen, beste enpresa bat hartuko dugu, eta gauza asko ditut buruan. Unea da. Beti esan dut nahiago dudala kirola nahi dudanean utzi, kirolak ni uztea baino. Kontratua berritzeko aukera eman dit klubak, baina ez diet aukerarik eman. Oso argi nuen erabakia. Taldetik ate handitik atera nahi nuen. Gutxik esan dezakete horrela atera direla klubetik, pribilegiatua naizela uste dut.
Asteburu honetan jokatuko dituzu zure azken minutuak Bidasoaren elastikoarekin. Urduri?
Ez nago urduri. Granollersen aurkako partidan ligako bigarren postua jokatzen genuen, eta orokorrean baino lasaiago nintzen. Ez naiz oso urduri jartzen den horietakoa, lehen agian gehiago. Baina lasai nintzen, jokatzeko gogoz. Asteburuan jokatzeko irrikaz nago, ea Bartzelonaren aurkako finalera iristeko aukerarik dugun.
Pandemiagatik ospakizuna xumea izan da. Ezingo diezu behar bezala agur esan zaleei.
Pena handia ematen dit horrek. Irunek duen gauza berezienetako bat zaleak dira. Hona etortzen diren talde guztiek hori badakite, asko lagundu dute beti zaleek, berdindu edota irabazi ditugun partida asko haien sostenguari esker izan dira. Zelaitik asko sumatzen da hori. Bigarren mailan, Asobalen edota Europan berdin animatu gaituzte. Beti primeran tratatu gaituzte, ez dugu sekula kexarik entzun. Gauzak ongi edo gaizki egin, zalegoa beti hor egon da. Hau ez da zelai guztietan gertatzen. Artaleku oso berezia da.
Aurten, gainera, gutxi batzuk sartu ahal izan dira Artalekura, baina orain zalerik ez duen ligako klub bakarra gara, eta sumatzen da. Lehengoan Cuencan jokatu genuen, eta zaleen presioa asko nabaritu genuen. Hemen Artalekun partidek entrenamenduak dirudite, harmaila hutsa dago. 2.000 lagunetik gora ikustera ohitu gara, eta horrek asko baldintzatzen ditu partidak. Baina, zorionez, gauza asko lortzeko gai izan gara aurten ere.
13 urte izan dira Bidasoan, zure etxean. Zer eman dizu klubak urte hauetan?
Lehenik lau urte pasatu nituen hemen, eta Portland-etik pasa ostean beste bederatzi urtez aritu naiz hemen jokatzen. Balorazio oso positiboa egiten dut. Beti helburu bat izan dugu, beti erronkaren bat finkatu dugu. Batzuetan Asobal Ligara igotzeko helburua ezarri dugu, besteetan Europara sailkatzekoa. Azken urteetan gorantz joan gara. Eta esan dezaket beti zerbaitengatik borrokatzen aritu garela. Ibilbide ederra izan da.
Haur edo gaztetako ametsik bete duzu eskubaloian?
Bai, noski. Tomas Svensson ikusi dut zuzenean jokatzen, eta gerora berarekin aritu naiz talde berean. Azken finean txikitan nire heroiak ziren horietako batzuk nirekin jokatu dute, edo nire entrenatzaileak izan dira. Eta batez ere Artalekuko pista honetan jokatzeko ametsa bete dut, ni hemen izan naiz Bidasoa Europako Kopa jokatzen ikusten, eta orain haur edo gaztetxoek agian nik nire heroi horiek ikusten nituen bezala ikusten naute. Ohorea da niretzako hori, amets asko bete ditut.
Zein izan da klubean bizitako unerik ederrena?
Artalekun Asobal Ligan aritzeko eskuratutako igoera zalantzarik gabe, Zamoraren aurka jokatutako hura. Gero, egia da Championsen jokatutako partidak oso-oso bereziak izan direla, esaterako, Portugalgo Sportingen kontra berdindutako partida, edo Wisla Plocken aurka jokatutako kanporaketa. Baina igoerarekin geratzen naiz, oso berezia izan zen.
Esku onetan utzi duzu Bidasoa.
Zalantzarik gabe, oraintxe bertan Bidasoa garaitzeko oso zaila den taldea da. Irunera etortzen diren taldeak kontziente dira, batzuk borrokatzera datoz baina beste asko gu lehen talde handienengana joaten ginen bezala etortzen dira. Zaila da hori, ligan errespetuzko talde bat izatea. Urte luzez egindako lan txukun baten ondorio da hori, eta uste dut luzerako mantenduko dela.
Zer esango zenieke zaleei?
Eskerrak ematea, besterik ez. Niretzako, irundar eta bidasoar bezala, ohore bat izan dela hainbeste urtez kamiseta hau defendatzea. Eta orain, zale bat gehiago izango naiz Artalekun. Gogoz nago larunbatetan lagunekin bazkaltzeko geratu eta gero Artalekura joateko. Bakarrik partidak barrutik bizitu ditut. Ez dakit zer den prebia bat, ez dakit nola dagoen Artaleku ingurua edo Kale Nagusia partida baten aurretik. Orain harmailan gozatzea dagokit, hori bizitu nahi dut, zale bat gehiago bezala. 5