'Paseoak Irunen' egitasmoa adinekoen egoitzetara iritsi da
Hiriko adinekoek garai bateko emakume irundarren historia bisita baten bitartez ezagutzeko aukera izango dute. Hilaren 14an eta 21ean izango dira hurrengoak.
Irungo emakumeen historia gertutik ezagutuko dituzte hiriko adinekoek hilabete honetan, Paseoak Irunen izeneko egitasmoari esker. Parean elkarteak udalarekin batera antolatutako egitasmo honetan, «belaunaldien arteko jarduerari esker, Irungo emakumeen lana ezagutzera eman» nahi dutela azaldu du udaleko ordezkari Miren Etxebestek. «Emakumeen lanbideak eta emakume garrantzitsuak ezinbestekoak izan ziren hiriaren hazkundean, eta Parean Elkartearen ekimen honekin gauza gehiago ikasiko ditugu eta duen balioa aitortuko diogu», erantsi du.
Jarduera Behobia, San Migel, Anaka-Puiana eta Palmera Monteroko adinekoen lokaletako erabiltzaileekin egingo dute, Mertxe Trantxe ikerlariak gidatuta. Paseoak San Juan plazatik abiatuko dira, antzinako Irunera bidaiatzeko asmoz, zenbait muralen bitartez. Bertatik Junkaleko elizara joango dira, eta eskola zaharraren eraikinaren aitzakian, eliza inguruko maisu-maistrez arituko dira. Ondoren, Pilar kalea, Nafarroa etorbidea, Ama Xantalen eta Santa Elena bisitatuko dituzte, bisita Urdanibia plazan amaitzeko. Han, emakume baserritarrek eta mandatariak oroituko dituzte.
Lehen paseoa joan den maiatzaren 28an egin zuten, Behobian, eta bigarrena atzo, Palmera Monteron. Hurrengoak aldiz, Anaka-Puiana eta San Migeleko erabiltzaileekin izango dira, hilaren 14an eta hilaren 21ean hain zuzen ere. Egitasmoa biribiltzeko, egindako paseoen gaineko elkarrizketa bat eskainiko dute Palmera Monteron, ekainaren 9an, 15ean eta 22an.