Martin Ugalde gogoan, haren omenezko erakusketa abiatu dute
Idazle, kazetari eta politikarien jaiotzaren mendeurrena betetzen dela-eta hamaika dira Ugalderen omenezko ekitaldiak. Hondarribian ere, bizitza eta lan eskergari balioa emateko, erakusketa inauguratu dute.
Martin Ugalde idazle, politikari eta kazetariaren jaiotzaren mendeurrena betetzen da aurten. Hamaika dira haren figura goraipatzeko eta gogoratzeko han-hemenka antolatutako ekitaldiak, baita Hondarribian ere. Hala, haren bizitza eta lan eskerga gizarteratzeko helburuarekin Martin Ugalde Orradre: Jaiotzaren mendeurrena (Andoain, 1921-Hondarribia, 2004) izenpeko erakusketa inauguratu zuten atzo Arma Plaza informazio guneko bigarren solairuan. Aurkezpenean parte hartu zuten, besteak beste: Txomin Sagarzazu alkateak, Joan Mari Larrarte Martin Ugalde Kultur Parkeko arduradunak, eta Unai eta Itxaso Ugalde haren seme-alabek. Kontent eta eskertuta agertu ziren senideak Ugalderen omenezko erakusketarekin.
Sagarzazuk nabarmendu zuenez, “ehun urte betetzen dira Martin Ugalde jaio zenetik eta horren harira, hainbat ekitaldi eder antolatu dira, eta hau horietako bat da”. Ildo horretan, Ugalderen ibilbidea ere goraipatu zuen arduradunak: “Andoainen jaioa, ohorezko euskaltzaina (1921-2004), 1969an etorri zen gure artera Venezuelatik bueltan. Hiru urte igaro ondoren, frankismoak mugaz bestalde bizitzera behartu, eta 1976an kokatu zen behin betiko Hondarribian. Bertan idatzi zuen haren obra oparoaren hein handi bat”.
Xehetasunak
Martin Ugalde Kultur Parkeko ordezkari Larrartek transimisioan jarri zuen arreta hori baitzen Ugalderen “kezka handienetako bat”. Hortaz, “tradizio horri segida ematea” dela helburua nabarmendu zuen, “Ugaldek garai batean egin zuen horrekin guk ere jarrai dezagun, eta egin dezagun gauza bera haren izaerarekin eta lanarekin”.
Erakusketaren nondik norakoak aurkeztu zituen, halaber, Larrartek. Hori horrela, lau atal nagusietan banatuta, Ugaldek jorratutako esparruak gogora dakartzala erakusketak azaldu zuen. Lehenean, sei panelen bitartez haren biografia, eta politikan, literaturgintzan zein kazetaritzan egindako ekarpena ikus dezake bisitariak, baita Martin Ugalde Kultur Parkea eta haren euskalzaletasuna hobeto ezagutu ere. Bigarren atalean, hari zegozkion objektuak, sarien diplomak, hark erabilitako grabagailua eta bestelakoak ikus ditzake bisitariak. Andoaingo Udalak utzitako materiala da. 1992. urtean ETB1-eko Ispilua saioan egindako elkarrizketa une oro proiektatuko dute hirugarren atalean. Eta, azkenik, Ugaldek idatzitako hainbat kazetaritza lan eta literatur obra bildu dituzte haren senideei esker.
Uztailaren 4ra arte ikus daiteke erakusketa Arma Plaza informazio gunenan, eta azaroaren 5etik aurrera Andoaingo Bastero Kulturgunean. Urtea amaituta, Martin Ugalde Kultur Parkearen parte izatera igaroko da erakusketa modu iraunkorrean.