[Erreportajea] "Abisatu genuen hildakoak eragingo zituela honek"
Larunbatean Bidasoa ibaian itotako 28 urteko migrantea, migrazio politiken biktima zuzena izan dela salatu du Harrera Sareak. Bihar, manifestazioa egingo dute 17:00etan, San Juan plazatik abiatuta.
Aurreko asteburua, zalantzarik gabe, azken hiru urteetako gogorrena izan da Irungo Harrera Sareko boluntarioentzat. Larunbatean gazte migrante batek bizia galdu zuen Irunen, Bidasoa ibaiko uretan itota, Hendaiara iristeko igerian zela. Erabat etsita utzi ditu boluntarioak albisteak, euren beldur handienetako bat errealitate bilakatzen ari baita azken hilabeteotan.
Inpotentzia. Hori da boluntarioek gehien errepikatu duten hitza. Halako heriotza bat espero zuten sareko kideek, aspaldi salatu zuten horrelako zerbait gerta zitekeela. Lehen heriotza izan da, baina boluntarioek amorruz diote berriro errepika daitekeen desgrazia bat izan daitekeela.
Albisteak oihartzun handia izan du, bereziki Bidasoa inguruan. Ehunka lagun bildu ziren igandean 28 urteko migranteak bizia galdu zuen lekuan, Azken Portu inguruan. Bertan, migrazio politikek zuzenean eragindako heriotza izan dela salatu zuten. “Atzo bertan [joan den ostiralean] eman genuen prentsaurreko bat Irungo mugan pertsona migranteek pairatu behar duten jazarpen eta ehiza egoera salatzeko. Abisatu genuen azkenean hildakoak eragingo zituela honek. 24 ordu geroago, jada, bat dugu”, esan du Harrera Sareko kide Josune Mendigutxiak. Azaldu duenez, boluntario guztiak bezalaxe, lur jota dago, saretik pasatu diren migranteekin harreman estua izaten baitute. “Orain ez dakit bere aurpegia zein den, baina ziur nik jaso dudala gautxorian, berarekin hitz egin dudala, aterpera eraman dudala. Akaso kontatu zidan ezin zuela Hendaiara pasa, eta pentsatu zuela hori egitea. Familia moduko bat osatzen dugu boluntarioek eta migranteek, eta oso gogorra izaten ari da”.
Azaldu duenez, hildako gaztearekin batera 16 urteko mutiko bat ere erreskatatu behar izan zuten ibaitik. Biluzik atera zuten uretatik, eta Mendigutxiaren arabera, berehala Irunen utzi zuen berriro Frantziako poliziak. “Egoera erabat surrealista da. Hemen muga bat dago, baina zubi bat da, ez dago muga fisikorik eta Mediterraneoko irudi horiek errepikatzen hasi dira hemen”.
Orain arte Hendaiarako bidea hartzea zaila izan badute, pandemiak erabat itxi dizkie migranteei Europa iparralderako ateak, “kontrol arrazistaz” josi baitute muga politikoa. Ondorioz, migrante askok bestelako formulak bilatu behar izan dituztela esan du, etsita, Mendigutxiak, eta horietako bat izan da Bidasoa ibaia igerian pasatzen saiatzea. Boluntarioak gogoratu duenez, martxoan lehenengoz lagun bat erreskatatu behar izan zuten ibaitik, eta ordutik, asko izan dira hautu hori hartu dutenak. “Ez da lehenengo aldia, azken asteetan lau-bost lagun atera ditugu uretatik, desesperatuta, indarrik gabe”, azaldu du haserre.
30 egunez kalean
Joan den apirilean Bidegabekerien kontagailua izeneko salaketa egiten hasi zen sarea, Belaskoenea auzoan migranteentzako egokitutako aterpean lo egiten uzten ez dietenen egoera salatzeko. Egunero norbaiti aterpetxearen atea itxi diotela kontatu du Mendigutxiak. “Herenegun, adibidez, hiru lagun utzi zituzten kalean lo egiten. 30 gauez norbait kalean utzi dute, bertan ohe huts mordoa dagoen bitartean, lotsagarria da”. Beste behin salatu du sareak bertan gaua pasatzeko exijitzen dituzten baldintzak egoeraren arabera moldatzen dituela Gurutze Gorriak. Hortaz, baldintzarik gabe guztiei bertan lo egiteko aukera bermatzea eskatu diete erakunde eskudunei. Horrez gain, Espainiako zein Frantziako estatuei ere eskaera zuzena egin diete: bidaia segurua bermatzea migranteei, jendea herrialde batetik bestera mugitzen uztea, “inor ez baita ilegala”.
Azken hilabete honetan, gainera, migrante talde handiak hasi dira berriro iristen hirira, eta uda hau ere mugitua izango dela aurreikusten dute sareko kideek. Jarioa handituz gero, Irun eta Hondarribiko udalak jada prest daude edozein momentutan joan den martxoan abiatutako kontingentzia plana berraktibatzeko. Dena den, baliabide gehiago eskatu dituzte boluntarioek.
Bide batez, biharko manifestaziora deitu dituzte herritarrak. 17:00etan aterako da Irungo zutabea, San Juan plazatik. Euskal Herria antiarrazista eta harrera herria dela aldarrikatuko dute martxan.