Bi zebra-bide argiztatzeko eskaria erregistratu du Abotsanitzek
Damarritik Zumardira eta Masti kalean kokatuta daude zebra-bideak; Auzoka dinamikaren baitan herritarrek helarazitako eskaria da.
Damarri eta Zumardia lotzen dituen zebra-pasagunea eta Masti kaleko kurban kokatutakoa gauez “arriskutsuak” direla iritzita, argiztapena hobetzeko eskaria erregistratu duela ezagutarazi du Abotsanitz Herri Batzarrak. Auzoka dinamikaren baitan bildutako kezka da zebra-bideena.
Zabaldutako informazioaren arabera, “Damarriko pasagunean, espaloiak ez du behar bezalako argiztapenik eta ibilgailuz doanak zailtasunak ditu zebra-bidera hurbiltzen diren oinezkoak ikusteko. Masti kalekoak argi gehiago du, baina kurban eta maldan dago eta, aurrekoan bezala, ikuspena ez da batere ona”.
Hori horrela, argiztapen automatikoa jartzea eskatu du udal taldeak, eta bide batez, herriko zebra-bideen diagnosia egitea ere proposatu du alderdiak.