Milatik gora liztor beltzaren erregina harrapatu ditu Behemendik
Herriko hemezortzi puntuetan banatutako tranpen bitartez harrapatu dituzte erreginak; dimentsio handiko habiak sahiestea da helburua.
Liztor beltza edo asiarra harrapatzeko kanpainaren berri eman dute gaur goizean Hondarribiko Udaleko Juan Luis Silanes Ingurumen zinegotziak eta Behemendi elkarteko Mikel Zendoia arduradunak prentsa aurrean egindako agerraldian. Zabaldutako datuen arabera, martxo erdialdetik apirila bukaerara bitartean 1.357 liztor beltzaren erregina harrapatu ditu Behemendiko brigadak.
Martxo eta apirila artean egiten dela erreginen tranpatze kanpaina azaldu du Silanesek. Udara eta udazkenean bereziki agertu ohi diren dimentsio handiko kabiak ekiditea da helburua. Horretarako, “plastikozko ontzi batzuk prestatzen dira, likido erakargarria eta urarekin, eta hemezortzi leku ezberdinetan jartzen ditugu”.
“Harrapatzen dugun erregina bakoitzeko suposatzen da gerora ikusten diren kabi handi horietako bat kentzen ari garela”, adierazi du Zendoiak bere aldetik. Hala ere, tentuz ibiltzen direla erantsi du, “ez dugulako bestelako eraginik izan nahi gainontzeko espezieetan, bestelako intsektuak eta liztorrak ere erortzen baitira tranpetan”. Hala, astero errebisatzen dituzte tranpa ontziak eta “zenbat liztor beltz eta bestelako espezie harrapatu dugun zenbatzen dugu”.
Garaiari dagokionez, azaro inguruan hotzetik jotzen hasten denean erreginak hurrengo urtera arte gorde egiten direla azaldu du, halaber, Behemendiko arduradunak. Hortaz, martxo eta apirila izaten direla hilabete egokienak esplikatu dute, erreginak atera berri eta habiak egiten hasi berriak baitira. Lan “azkarra” izaten da, Zendoiaren hitzetan, “etxe inguruetan bereziki, eta bitxikeri moduan esan beharra dago lekuak errepikatzen dituztela”.
Hori horrela, liztor asiarraren habiren bat ikusiz gero, Udaltzaingoarekin harremanetan jarri be har direla gogoratu du Silanesek. Iaz, denera, 81 abisu eman zituztela herritarrek bukatu du zinegotziak.