IV. Adikzio Planak helburuak indartu ditu, «jokoarekin lotutako arriskuak prebenitzeko»
Inkesta bat egin diete Irungo biztanleei, zehazki, 445 lagunek erantzun dute. 10 lagunek 7k aitortu dute azken urtean gutxienez behin jokatu dutela.
Irungo Udaleko Gizarte Ongizate saileko ordezkari David Nuñok, Elkarrekin Podemos-IU taldearen zuzenketa bati esker azken hilabeteotan landutako IV. Adikzio Planaren gaineko xehetasunak eman ditu gaur. Haren arabera, ikerketaren helburua hiriko ludopatia aztertzea izan da, «batik bat jokoaren (apustuak) irismena eta portaera arriskutsuak ezagutzeko». Iazko uztailean onartu zuen udalbatzak plan hori.
«Ludopatiak eta jokoarekiko eta apustuekiko mendekotasuna errealitate bat dira orokorrean, eta ahalik eta lasterren heldu nahi diogu arazoari. Horregatik, garrantzitsua da lan ildo berri hau ireki ahal izatea, alderdi horietan sakondu eta gure hirian gerta litezkeen arazoak ikusi ahal izateko», esan du Nuñok.
Ikerketarako inkesta bat egin diete Irungo biztanleei, zehazki, 445 lagunek erantzun dute. Horrez gain, taldean ere aritu dira partaideekin, jokoarekiko menpekotasuna gainditzea lortu duten pertsonekin, baita ere jokoarekin arazoak dituzten pertsonen senideekin.
Inkesta horren emaitzei dagokionez, 10 lagunek 7k esan dute azken urtean gutxienez behin jokatu dutela. Bestalde, inkestatutakoen %12,1 egunero edo astean behin edo gehiagotan jokatu dute azken urtean. Gehien erabilitako jokoek artean, Estatuko Loteria eta apustuak aurki daitezke, eta ondoren, ONCEren jokoak.
Bestalde, inkestatuen %2,3 noizbait sentitu du agian arazo bat duela jokoarekin. Ondorio orokor bezala, ondorioztatu dute jokoaren arazoa areagotzen ari dela azkenaldian eta eragindako biztanleen bataz besteko adinak behera egin duela. Arazo hori pairatzen duten lagunei kosta egiten zaie arazoa aitortzea, hori ere ondorioztatu dute ikerketatik.
Azterlana jokoaren arazoari aurre egiteko hainbat gomendiorekin amaitu dute. Esaterako, informazio eta kontzientziazio hitzaldiak eskaintzea gomendatu dute, eta zerbitzu publikoen eta ludopatien arretarako elkarteen arteko koordinazioa sustatzea. Azterlanerako 9.000 euroko aurrekontua izan dute.