Uliazpi zentroko eraginkortasun energetikoa hobetzeko hitzarmena sinatu dute
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Gizarte Politika departamentuek sinatu dute Uliazpi fundaziorako akordioa; 163.000 euroko inbertsioa burutuko dute.
Zubietan kokatutako Uliazpi fundazioaren zentroan energia eraginkortasuna hobetzeko hitzarmena sinatu dute gaur goizean bertako arduradunek eta Gizarte Politika eta Ingurumen departamentuetako Maite Peña eta Jose Ignacio Asensio diputatuek, hurrenez hurren. Aldundiaren eraikinetan “energia aurrezpena eta energia berriztagarrien aprobetxamendua sustatzea” dira helburuak, Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunek adierazi dutenez.
Ildo horretan, energia eredu iraunkorra lortzeko bidean “sinergiak” baliatzearen garrantziaz mintzatu da Asensio: “Gipuzkoako gizartearen energia pobrezia murriztu eta prebenitu behar da, energia mendekortasun txikiagoa lortu, eta CO2 isuri geroz eta baxuagoak erdietsi behar ditugu klima aldaketaren aurkako politikekin bat etortzeko”.
Hori horrela, energia kontsumoaren murrizketan eta energia berriztagarrien ezarpenean sakontzeko azterketa burutu zutela Uliazpiko bi etxebizitzetan azaldu du Peñak bere aldetik. Irtenbide guztien artean, “bi aerotermia unitate instalatzea eta barneko banaketa sistema aldatzea” erabaki zuten. Ingurumen departamentuak lanen %50 finantzatuko du, 163.000 euroko diru-laguntzarekin.