Santanok positiboki baloratu du hirugarren erreiko lanei berriro ekitea
Ministro Kontseiluak argi berdea eman dio gaur ADIFi, Gaintxurizketa eta Irun artean abiadura handiko trenak igaro daitezen trenbidea egokitzeko lanak esleitzeko. Obra hori Irungo trenbide konexioa berreskuratzeko «ezinbestekoa» dela uste du alkateak.
Ministro Kontseiluak argi berdea eman dio gaur ADIFi, Gaintxurizketa eta Irun artean abiadura handiko trenak igaro daitezen trenbidea egokitzeko lanak esleitzeko. Udaletik azaldu dutenez, 59 milioi euro baino gehiagoko obra bat da, eta Gipuzkoan AHTren trazatua osatzeko eta gune hirira irits dadin bermatzeko «funtsezkoa» dela gaineratu dute.
Hiru urtez lanak etenda egon dira, obrak egiten ari zen enpresa hartzekodunen konkurtsoan sartu baitzen. Honek eragin handia izan du Irungo trenbide konexioetan. Obra horretan egungo trazatua egokitu behar zuten, abiadura handiko trenak Irun eta Hendaiaren arteko mugaraino irits daitezen.
Alkateak nabarmendu du bilera asko egin dituela Renfeko arduradunekin, «trenbide konexioak hobetzea eskatzeko», eta murriztu badira ere, alkateak dio «lortu zela ordu gorietan hobetzea». Herritar talde batzuk ere gauza berbera eskatu dute, esaterako, 3. Erreiak eragindakoen Plataformak edo Oiasso 2000 Auzo Elkarteen Federazioak. Alderdiek, gainera, 2o18an gai honen gaineko zuzenketa bat aho batez onetsi zuten.
Alkateak oso positiboki baloratu du azken albistea, «obra horiek berreskuratu behar direlako», eta bere esanetan, «ezinbestekoak direlako Irungo trenbide konexioak lehenbailehen osatzeko eta hirian Adif-en nazioarteko geltokian gerora konexioa egiteko». Beste behin gogoratu du Gaintxurizketa-Irun zatia egokitzeko obra horiek AHTa hiriraino iristea ahalbidetuko dutela.
2022an dira hastekoak Irungo Nazioarteko Geltokia egiteko obrak, eta obrak horien lizitazioan aurrera egitearekin batera ekingo zaie berriro. Udalak jada zenbait iradokizun helarazi ditu, besteak beste, bidaiaren eraikina ingurunearekin hobeto integratzea, oinezkoentzako lotura egitea geltokiko sarrera nagusiaren aurrean sortzen den plazarekin, Geltokiko kalea Pio XIIarekin lotzen duen pasabidea, edo beste argiztapena edo zuhaiztia autobus geltokiaren inguruan.
Duela gutxi, gainera, udalak alegazioak aurkeztu zituela gogoratu du alkateak, Gaintxurizketa-Irun zatian, Katea aldean hirugarren erreia egiteko obren gainekoa. Gai honetan, udalak auzo elkartearekin eta gainerako talde politikoekin adostuta, aukera bat aztertu du trenbide gaineko zubia kentzeko, «gune horretan oinezkoen mugikortasunak edo bizikletarienak protagonismo handiagoa izan dezaten». Horren alternatiba Kateara sartzeko trafikoa berrantolatzea dela dio udalak.
Hori da dagoeneko ADIFi bidali dizkioten iradokizunetako ideia nagusia, nahiz eta udalak nabarmendu duen ez dela bakarra.