Oiasso museoak mugikorrerako app-a estreinatu du
Aplikazio honetan birtualki birsortuko dituzte museoan ikusgai dauden objektu ugari, «teknologia berrien bidez bere bilduma herritarren eskura jartzeko» asmoz. Bisitarientzat doakoa izango da.
Oiasso Erromatar Museoko bisitariekk beste modu batean ezagutu ahal izango dituzte museoan bildutako zenbait pieza arkeologiko, mugikorrerako app berria estreinatu berri baitute, «teknologia berrien bidez bere bilduma herritarren eskura jartzeko» asmoz.
Udaleko kultura saileko ordezkari Junkal Eizagirreren arabera, «beste urrats bat egin dugu horrela Oiassoren digitalizaziorantz. Teknologia berriek abantaila eta aukera asko ematen dizkigute gaur egun museo bat bisitatzean, eta gure kasuan erromatarrekin lotutako ondare historiko kulturala herritarrei hurbiltzeko aukera izango dugu orain».
Aplikazio honekin ikus daitezkeen piezen artean, nabarmentzekoa da Oiassoko portuaren 3Dko birsorkuntza birtuala. Gainera, birtualki birsortu dituzte museoan ikusgai dauden beste objektu ugari, hala nola, munduan dauden egurrezko bi almaizetako bat (horietako bat Irunen dago), egurrezko kutxa bat eta gontz iltzedun baten irudia. Horrez gain, app-ak eskuragarriago jarriko ditu erakusketa iraunkorreko bost panel, edukiak errazago irakurtzeko “lupa” tresnaren bidez.
Aplikazioa Tempografix enpresak garatu du, aldundiaren laguntzarekin. Oraingo Android gailuetan baino ezingo da erabili, baina lanean ari dira aurki iOS gailuetan ere eskuragarri egon dadin. Euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez eskainiko dute zerbitzua. Guztiz doakoa izango da museoko bisitarientzat (sarrera ordaindu ondoren, pasahitz bat emango diete). Informazio eta xehetasun gehiago, helbide honetara idatziz jaso daiteke.
Hurrengo ekitaldiak
App-aren aurkezpena probestu du Oiassok hurrengo ekitaldien berri emateko. Esaterako, Kontaiguzu dakizuna hitzaldi zikloa bueltan dela azaldu dute, larunbat (hilak 22) honetan, 19:00etan. Hitzaldi horietan museoarekin lotutako lagunek kultura eta arteen zenbait alderdiren inguruan duten ezagutza partekatuko dute, eta oraingo honetan, Pintos ahizpak ariko dira (Marina eta Ainhoa); musika izango da protagonista nagusia.
Hilaren 17an ere (osteguna da) musika izango da plater nagusia. Izan ere, aurten ohorezko matrikula lortu duten Irungo Musika Kontserbatorioko ikasleek emanaldi bat eskainiko dute, Borja Rubiños irakasleak lagunduta. 19:30ean izango da emanaldia. Sarrera doakoa izango da, eta hilaren 26an banatuko dituzte Oiasso museoko harreran bertan, 10:00etatik aurrera.