Luis Mariano gizarte gunearen barrualdea berritzeko proposamena egin du EAJk
Proposamenaren helburua «instalazioen funtzionaltasuna eta erosotasuna egokitzea eta berrantolatzea» da, finean, «barrualdea espazio funtzionalago eta abegikorragoa bihurtzea».
Luis Mariano gizarte gunearen barrualdea berritzeko proposamena egin du berriro EAJ taldeak. Martxoan proposatu zuten jeltzaleek hori egiteko 2021eko aurrekontuetan 50.000 euroko partida bat sartzea, udal taldearen, zentroko erabiltzaileen eta eremu erreferentziazko beste pertsona batzuen artean landu eta kontrastatu ostean. Bada, udalak proposamen horren aurka egin zuela gogoratu dute, baina jeltzaleek ez dute amorerik emango. Horrelako neurriak eta egitasmoei berriro heltzeko prest daudela jakinarazi dute gaur.
«Hainbat hamarkada dituen eraikina da eta azken hamarkadetan Irungo adineko pertsona askoren bilgunea izan da. Egia da azken urteotan hobekuntza partzial batzuk egin direla, hala nola 2018an irisgarritasuna hobetu zen, baina zentro horrek eta bertako pertsonek esku hartze sakonagoa eta osatuagoa behar dute, barne berregokitze integrala. Hala adierazi ziguten adineko erabiltzaileek eta baita hainbat erakundetako pertsonek ere», esan du Xabier Iridoy bozeramaileak.
Bestalde, jeltzaleek nabarmendu dute haiek egindako proposamen horrek jasotako balorazio teknikoa. Haien arabera barne egokitzapen integral hori egiteko beharra bermatzen zuten balorazio horretan, eta zentroa udalerriko adinekoen esparruan funtsezko baliabide gisa definitu zuten.
Proposamenaren helburua «instalazioen funtzionaltasuna eta erosotasuna egokitzea eta berrantolatzea» da, finean, «barrualdea espazio funtzionalago eta abegikorragoa bihurtzea». Hala, bertan dauden zerbitzuak berme handiagoz eskaintzeko eta etorkizunean zerbitzu berriak sartzeko aukera izan beharko luketela uste dute.
Amaitzeko, irundar nagusiek «beren benetako beharrei erantzungo dien gune edo zentro» bat nahi dutela esan dute, bai gaur egun, eta baita ere etorkizunean. Horregatik, Irungo adinekoen bizi kalitatea hobetuko duten proposamenak sustatzen eta aurkezten jarraitzeko prest agertu dira.