LGTBIfobiaren aurkako testua adostu dute udal talde guztiek
Datorren asteleheneko (hilak 17) LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira adostu dute testua.
Datorren astelehena (hilak 17) LGTBIfobiaren Nazioarteko Eguna izanik, Irungo Udalak urtero bezala adierazpen instituzional bat kaleratu berri du. Ordezkaritza duten talde guztiek adostu dute testua. Ondorengoa da, hitzez hitz, PSE-EE, Elkarrekin Podemos-IU, EAJ, EH Bildu eta PP taldeen artean osatutako irakurketa:
1990eko maiatzaren 17tik, OMEk homosexualitatea gaixotasunen zerrendatik kendu zuenetik, egun hori ospatzen da, eta berebiziko balioa du lesbiana, gay, transexual, bisexual eta intersexualentzat, egun horretan gertatutakoak eragin eta bideratu baitzituen LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideen aldeko ekintzak eta gaur egun indarkeria matxistaren ondorioz oraindik bizi behar duten bazterketaren aurkakoak.
COVID-19aren ondorioz bizi dugun egoerak eragin handia izan du eta oraindik ere badu kolektibo horrengan, bazterkeria- eta diskriminazio-arriskua areagotuz, bai zuzenean, bai zeharka. Pandemiak are nabarmenago utzi ditu desberdintasun arrakalak. Eta LGTBIQ+ kolektiboaren aurkako aurreiritziak nabarmenak izan dira Covid-19ari emandako erantzunetan munduko eskualde askotan.
Era berean, oraindik ere erasoak gertatzen dira sexu- eta genero-aniztasunarekiko gorroto- arrazoiengatik, eta beharrezkoa da berariaz salatzen jarraitzea. Eraso horiek ez dira gure inguruan bakarrik gertatzen.
Lesbiana, gay, trans, bisexual eta intersexualen lege-babesean aurrerapen handiak egin diren arren, NBEko 69 estatu kidek sexu bereko helduen artean adostutako sexu- ekintzak zigortzen jarraitzen dute.
Horregatik guztiagatik, Irungo Udalak, maiatzaren 17an eta urteko egun guztietan, erabat arbuiatu nahi du lesbiana, gay, trans, bisexual eta intersexualen aurkako jarrera, portaera edo adierazpen oro, lesbiana, gay, bisexual edo intersexualak izateagatik edo halakotzat hartzeagatik, eta konpromisoa hartzen du Irun aske, anitza eta kolektiboaren aurkako erasoen aurrean jarduten duen herri bat eraikitzeko.
Irungo Udalak honako konpromiso hau berresten du:
-
Sexualitateak, generoak eta desio ez- normatiboak ikustarazteko eta horien alde kontzientziatzeko jardutea.
-
Kolektibo horrekin lan-ildo espezifiko bat ezartzea, garatzen diren berdintasun politika publikoen esparruan.
-
Udalerriko LGTBIQ+ mugimenduarekin sarean lan egitea, ekintzak batera bultzatzeko.
-
Eraso LGTBIfobikoen aurka jarduteko protokoloak sortzea eta zabaltzea.
-
LGBTI errealitateen inguruko sentsibilizazio eta prestakuntza kanpainak bultzatzea.