Kultura Km 0 programa bueltan da, «bertako sektoreari laguntzeko»
Pandemiak gogor astindu dituen artistei laguntzeko bigarren edizioa indartzea erabaki du udalak. Ekainaren 25era bitarte aurkez daitezke eskabideak.
Pandemia garaian udalak abiatutako Kultura Km 0 egitasmoak bigarren edizio bat izango du. Bigarren honek, gainera, aurrekontu handiagoa izango du, udalaren arabera, «programa sendotzeko, sektoreari laguntzeko». Izan ere, Junkal Eizagirre Kultura saileko ordezkariaren arabera, «kultur bizitzaren geldialdiak haren diru sarrerak jaitsarazi baititu eta horrek kalte larria egin baitio».
«Hiriko kultur agendak ezaugarririk izatekotan, betidanik, bertako kultura munduko profesionalak gogoan hartzea izan da ezaugarria. Egungo krisialdian, are beharrezkoagoa da kultura munduko hiriko profesionalen alde egitea, asko eta asko egoera zailean baitaude. Konfinamendua indarrean zegoela online ekimenak martxan jarri genituenetik, Irunen kultura babesten jarraituko dugu. Badugu lehenengo edizioko esperientzia, eta ikasten saiatuko gara, eta hobetzen lagundu diezaguketen gaiak hobetzen», esan du ordezkariak.
Programa honen bitartez kultur agenda bat osatu nahi dute, tokiko kultur eragileei laguntzeko asmoz. Formatu txikiaren eta gune alternatiboen alde egingo dute aurten ere. Jarduerak programatzeko 50.000 euroko aurrekontua du udalak, eta obra artistikoak erosteko aldiz, 8.000.
Bigarren edizio honetan parte hartu nahi duten profesionalek gaurtik aurrera aurkez dezakete eskabidea (ekainaren 25a da azken eguna horretarako), helbide honetara idatziz. Dena den, udalak ere zuzenean hiriko artisten eta gainerako kulturgileen sarearen barruko profesionalengana joko duela dio Eizagirrek, haren hitzetan, «gure alboan nahi baititugu». Horretarako komunikazioa hobetzea aurreikusi dute, «ahalik eta profesional gehiengana iristeko». Horrez gain, hitzordua eskatuta, kultura saileko teknikariek zalantza guztiak argituko dituzte.
Aurten osatuko duten agendarako honako ezaugarrietako bat izan beharko dute ekitaldiek: ekitaldiak puntualak izan ahalko dira, eta etekinak sortzailearentzat edo kultur eragile edo entitatearentzat izan beharko du zuzenean; ahal den neurrian, norbanakoekiko lanari emango zaio lehentasuna, kontuan izanik zenbat eta handiagoak izan taldeak
orduan eta baliabide gehiago kontsumitzen direla eta kontsumo horrek eragin txikiagoa duela taldekide bakoitzaren ekonomian; formatu txikietan lan egiteari (pilulei) emango zaio lehentasuna, gune alternatiboetan (Menchu Gal aretoan, Amaia KZko dantza aretoan, kalean…) lan egiteari, eta proposamen bereziak egiteari; jarduera gehien programatzen diren datak saihestuko dira; eta proposamen berritzaileak eta kultur eragileen arteko elkarlana eta sorkuntza sustatuko dira.
Bigarren deialdi hau kulturaren edozein arlotako pertsona fisiko edo juridikoei zuzenduta dago. Arte eszenikoak, ikusizko arteak, literatura, komikia eta ilustrazioa, musika, ikus-entzunezkoak, diseinua… Askotariko esparruetako artistek izango dute aukera parte hartzeko. Hori bai, lehentasuna emango diete kulturaren edozein arlotan lan profesionala egiten dutenei, bizilekua Irunen dutenei eta lana hirian egiten dutenei.