Kontziliazioan laguntzeko diru partida bat sortzeko eskatu du EH Bilduk
Aurten udalekuen plaza kopurua «nabarmen murriztu» dela diote. Udal gobernuari eskatu diote haur guztiei aukera berbera ematea, «familia eta lanaren bateratzea ahalbidetzeko eta Irungo haur guztien ongizatea bermatzeko».
Irungo EH Bilduk udaleku publikoen plazen jaitsiera konpentsatzeko kontziliazioaren gaian laguntzeko diru partida bat sortzeko eskatu berri dio udal gobernuari. Hedabideei bidalitako ohar batean azaldu dutenez, pandemia dela eta udalak eskaintzen dituen udaleku plaza kopurua «nabarmen murriztu da» aurten. Eta udalak aisialdirako aukera berriak sortu ezean, klub eta eragile ezberdinen lanari esker bete behar den hutsunea dela uste dute.
«Irungo Udaleku programan zein Solas Jolas programan ez dira plaza nahikorik eskaini zegoen eskaera guztiari erantzuteko, eta ondorioz, ehunka haur plazarik gabe gelditu dira. Haurrek merezi duten udaz eta aisialdiaz disfrutatu ahal izateko kanpoan gelditu diren familiek eskaintza pribatuak bilatu behar izan dituzte, horrek suposatzen duen, eta askok ordaindu ezin duten, gastuarekin», esan dute koalizio subiranistako kideek.
Egoera honen aurrean instituzioek «paper aktiboa jokatu» behar dutela diote, «familia eta lanaren bateratzea ahalbidetzeko, eta modu berean, Irungo haur guztien ongizatea bermatzeko».
Beraz, honako eskaera egin diote udal gobernuari: udako hilabeteetan familientzako kontziliaziorako diru laguntza partida bat sor dezala. «Neurri honekin udaleku
publikoen plaza kopururen jaitsiera konpentsatzeko. Udal eskaintza zabaldu ezean, dirua ez dadin oztopo izan bestelako eskaintzetara jotzeko orduan», erantsi dute.
Diru partida honekin, familien kontziliazioan laguntzetik harago, hala nahi duten haur guztiek aisialdi eskaintza eskuragarri izatea da taldeak bilatzen duena. «Izan ere, haurrekin adiskidetsua izan nahi duen hiri baten udal gobernuak, haurrek hirian dagoen aisialdi eskaintzara sarbidea izango dutela bermatu behar du. Pandemian zehar askotan familia eta haurrak ahaztuta gelditu dira, baita haien beharrak ere, ez ditzagun Irungo familiak bakarrik utzi. Hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea da», esan dute amaitzeko.