[Erreportajea] Igoera fasean lehiatzeko prest da Ilcapo Hondarribia
Bilboko Escolapios taldearen kontra erdietsitako garaipenak Espainiako Lehen Mailarako igoera fasea jokatzeko txartela eman dio talde hondarribiarrari. Gogotsu bezain kontent daude.
COVID-19aren pandemia urtean emaitza ezin hobeak eskuratu ditu Ilcapo Hondarribia eskubaloi taldeak. Osasun krisiak lehiaketa guztiak hankaz gora jarri ditu, eta maila gehienetako egutegia osatzeko zailtasunak izan dituzte federazioek. CD Bidasoa klubaren bigarren taldeak, hala ere, Euskal Ligatik Espainiako Lehen Mailara salto egiteko aukera izango du ekainean
Finalerdiak jokatu zituzten hondarribiarrek iragan astean Bilboko Escolapios taldearen kontra. Joseba Zabala atezainak azaldu duenez, joan-etorriko bi partidak asteazkenean eta igandean jokatu behar izan zituzten, hurrenez hurren, horren aurreko astean konfinamendua bete behar izan zuten eta. Hala, lehen norgehiagokan bost goleko errenta lortu zuten berdeek, 21-26 markagailuarekin; bigarrenean, 33-28 gailendu ziren hondarribiarrak.
Zabala «oso pozik» dago emaitzarekin eta igoera fasea jokatzeko txartela lortu izanagatik, nahiz eta aurretik finala jokatu beharko duten. «Zarautz eta Usurbil finalaurrekoak jokatzen ari dira oraindik, beraz, ez dakigu zeinen kontra eta noiz zehazki lehiatuko garen», adierazi du atezainak. Hortaz, lehiatzeko «gogo handiz» egon arren, lehiaketa amaitzeke dagoela-eta itxoitea egokitu zaie.
Aurreikuspenak
Gogotsu egoteaz gain, aukerarekin kontent daude Ilcapo Hondarribiako jokalariak. «Talde oso polita dugu, jende gazte asko dago, batzuk Bidasoarekin entrenatzen dute eta haiekin jokatu dituzte hainbat partida. Gu bezalako talde bat Espainiako Lehen Mailan jokatzea oso inportantea dela uste dugu». Ildo horretan, CD Bidasoa eta ZKE Zarautz eskubaloi taldeak kenduta, Euskal Herriko talde indartsuenekin ariko direla adierazi du kirolariak. «Saiatu behar gara», erantsi du.
Hori horrela, gazte gehiago erakartzeko aukera izan daitekeela igoera aipatu du, nahiz eta onartu duen azken urteotan aldaketa «nabaria» eman den. Bidasoaren lorpenek eskubaloiarekiko «maitasuna» berpiztu dutela Bidasoaldean ziur agertu da: «Jende asko ari da eskubaloian». Aurki ikusiko dute harrobiaren emankortasuna.