Hondartzetako Lurralde Mahaiak denboraldiaren xehetasunak eman ditu
Aldundiko Ingurumen departamentuak "hobekuntzak" iragarri ditu hondartzetako aforoak bideometria bidez kontrolatzeko sisteman.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen departamentuko Jose Ignacio Asensio diputatuak Hondartzetako Lurralde Mahaia deitu zuen atzo aurtengo denboraldiaren gaineko xehetasunak emateko. Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak parte hartu zuen diputatuak deitutako bilera telematikoan.
Batetik, ekainaren 15etik irailaren 15era bitartean luzatuko dela 2021. urteko denboraldia jakinarazi zien diputatuak Gipuzkoako ordezkariei. Horrez gain, hondartzetako aforoak bideometria bidez kontrolatzeko sisteman zein Nik Hondartzak aplikazioan “hobekuntzak” gauzatuko dituztela ezagutarazi zuen Asensiok bilerakideei.
Bestetik, edukiontziei pedal bidezko irekiera sistema txertatzeko proposatu zuen Asensiok “gainazalak ukitzean arriskuak saihesteko”. Ildo horretan, “hondartzen kudeaketa iraunkorraren politikari jarraituz”, beirari dagokion bosgarren edukiontzia jartzea ere erabaki zuen mahaiak.
Azkenik, erabilera arauen eta neurrien gainean kontzientziatzeko komunikazio kanpaina ere martxan jarriko du Diputazioak, Asensiok ezagutarazi duenez, “kartel, megafonia, komunikabide, webgune eta sare sozialen bidez”.