[Elkarrizketa] “Norberaren deabrua oso pertsonala eta ezberdina da”
Hainbat musikarik deabruarekin telefono kabina batean edukitako elkarrizketak zuzendu ditu ETB1eko ‘Bidegurutzean’ saioan. Egungo euskal musika panorama aztertzeko ere baliatu du aukera.
Nora eramaten du ikus-entzulea Bidegurutzean saioak?
Ideia da ikusleak aukeratzea zein bide hartu nahi duen. Bidegurutze batean kokatzen dugu dena, omenaldi txiki bat egiten diogu musika munduan betidanik ezagutu den Robert Johnsonen kondairari. Horren arabera, bidegurutze batean tratua egin zuen deabruarekin eta bere arima saltzearen truke musikarako dohainak jaso zituen Johnsonek. Kondaira polita iruditu zitzaidan Euskal Herriko musika perspektiba horretatik aztertzeko. Gure mapako zenbait bidegurutzetan kokatu ditugu hainbat musikari, eta jakin nahi izan dugu horra iritsi ote diren arima saldu diotelako deabruari, edo besterik gabe, lanaren ondorioa delako. Joko horrek asko ematen du; hari asko uzten ditu solte hortik tiratzeko.
Bi bide, lau norabide. Eta helmuga?
Helmuga uste dut norberarengan dagoela. Denak aurkitu garela bizitzan bidegurutzeren batean iruditzen zait. Ez behin bakarrik, sarritan aurkitzen dugu gure burua bidegurutzetan. Azkenean hori izaten da bizitzak jartzen digun ataka bat bide bat aukeratu eta gure burua aurkitzeko. Garik esaten du bidegurutzean edozein aukera akatsa dela. Beharbada bai, baina beharbada ere ondorio asko ateratzen ditu norberak akats horietatik. Nahiko iradokitzailea den bidegurutzea dela iruditzen zait, ez bakarrik musikaz hitz egiteko, gauza unibertsalagoez edo norberaz hitz egiteko ere, buruhauste, beldur, zalantza eta horretaz guztiaz.
Euskal musikari eta taldeentzat erakusleihoak falta direla esango zenuke?
Bai, ez da ezer berria. Azkenean, Euskal Herrian egiten den musika nahiko ezezaguna da guretzat. Euskal musika nostalgiaz entzuten dugula iruditzen zait, eta beti 20-30 urte atzera egiten dugula hor aurkitzen ditugulako erakusleihorik garrantzitsuenak tabernetan, txosnetan… Gaur egun oraindik horretara jotzen dugu maiz. Badirudi azken 20 urtean ez dela gauza handirik egin, Berri Txarrak eta beste lau. Badirudi dena sakabanatuta dagoela.
Era berean, iruditzen zait badaudela zenbait erakusleiho interesgarri izan daitezkeenak, adibidez, Musika zuzenean edo Badok ataria. Oso lan interesgarria egiten ari dira ondare hori biltzen, eta aldi berean, iruditzen zait irrati eta telebista publikoak izan behar duen erakusleiho handi horretan zerbait falta dela, ez dagoela azken hogei urteetako musika errepresentatua. Ez dago gure egunerokoan eta hori faltan botatzen dut. Garai batean taberna batera joaten ginen eta entzuten genuen garaiko musika, eta deskubritzen genituen hemengo musikak tabernetan, irratian… Gaur egun hori gure egunerokoan ez dagoela iruditzen zait. Musika leku guztietan dago, baina inoiz ez duzu euskal musika entzuten, eta egiten duzunean da nostalgia ariketa bat delako.
Erakusleihoak behar ditugula uste dut, zeren hau azken finean lagin txiki bat da, horrelako programa batek ez du dena jasoko. Musika zuzenean, Badok, zenbait atari eta irrati libre, hor sinesten dut nik lan bat egiten ari dela instituzio publikoan baino.
Nola izan da taldeak hautatzeko prozesua? Zure gustuak gailendu dira?
Egia esan, hor ariketa nik egin behar izan dut telebistarako, ETB1erako, saioa zela pentsatuz eta beraz, ezin zela nire gustua bakarrik gailendu. Gutxi gorabehera saiatu naiz modu integralean eta aurreiritzirik gabe panorama aztertzen eta saio bakoitzean kabida ematen musika estilo edo norabide ezberdin bati. Irizpide horretatik hainbat gauza bilatzen saiatu gara saioan elkartu ditugun musikarien artean. Horietako bat izan da belaunaldien arteko haustura hori. Iruditzen zait musikan edo sormen diziplina batean, bertsolaritzan adibidez askotan ikusten dugun bezala, gazte hasiberriak zein helduak diren totem horiek, dena irakasteko eta beraiengandik dena ikasteko dauzkagun horiek, sormen prozesu batean elkarrekin egon daitezkeela halako galoirik gabe, halako modu piramidalean izan gabe.
Bidegurutzean-ekin sortu dugun eszenatoki horretan sormena gailentzea interesatzen zitzaidan eta hor aurkeztea belaunaldi eta esperientzia ezberdin horiek. Alde batetik, dena erakusteko daukaten horiek, baina bestetik, ikasteko daukaten gazte horiengandik ere asko dugu ikasteko, gehienbat askotan hor dagoelako guk bere garaian geneukan energia, gogo eta pasio hori. Askotan helduagoak direnak daukate kristoren esperientzia erakusteko, baina gauzak galdu dituzte bidean, ez? Horregatik iruditzen zait ez dela bata bestea baino inportanteagoa.
Aipatu duzu musika panorama aztertzeko ariketa izan dela. Zer-nolako ondorioak atera dituzu?
Lauzpabost Bidegurutzean egiteko adina dagoela, eta niretzat aurkikuntza oso interesgarria izan dela. Denboraldi honetan hamabi programa grabatu ditugu eta azkenean 36 talde besterik ez dira. Orduan, gogoz gelditu naiz gehiago tira egiteko iruditu zaidalako kristoren altxorrak daudela, eta iruditzen zait momentu honetan euskal musika dela inoiz baino anitzagoa estiloz. Onartu ditugu hainbat estilo euskaraz abesten. Garai batean, adibidez, pop musikak euskaraz ez zuen lekurik, eta nolabait ere modu bortitzean. Estilo batzuk onartzen ziren baina M-ak edo Jotakie bezalakoek kristoren lana zeukaten.
Gaur egun, Euskal Herriko musika panorama askotarikoa dela iruditzen zait. Tendentzia berriak daude eta musika esperimental asko egiten da. Iruditzen zait ez dagoela kasik estilo bat ez dena jorratzen ari euskaraz.
Robert Johnsonen kondaira oinarritzat hartuta deabruak elkarrizketatzen ditu gonbidatuak. Nolako altxorrak eta ezustekoak hartu dituzue?
Hartu dugun beste arriskuetako bat, egiari zor ez duenak beti funtzionatu, da elkarrizketarako erabili dugun sistema. Musikaria bidegurutzera iristen da eta bidea hartzeko ezjakin horretan telefono batek jotzen du. Musikariei esan diegu besterik gabe telefonoa har dezatela. Ez diegu besterik esan. Nik nahi nuen haiek anonimo bat edo behintzat deabrua irudika dezakeen norbait entzutea. Nahiago nuen ez zezatela eduki informazio gehiegirik. Esperimentu bat izan zen. ‘Telefonoak joko du, sartu, hartu eta hor gertatzen dena zure bizitza da’. Ez dakite ezer aldez aurretik eta egoera nola kudeatzen duten da interesatzen zaiguna. Argi nuen ez nuela nahi elkarrizketa promozionalak izatea. Azkenean, gutxi gorabehera, zuk bidegurutze horretan tratu bat egin behar duzu deabruarekin eta beharbada zure arima erosiko du zuri dohain horiek emateko. Deabruak elkarrizketa horretan jakin behar du arima horrek nola kudeatzen dituen bere bizitzako momentu potoloak. Gero esango du interesatzen zaion zure arima eta erosiko duen.
Sistema horrek funtzionatu duenean oso ondo funtzionatu duela konturatu gara. Nik zuri hitz egiten dizudan bezala, ez dakigunean zeinekin ari garen hizketan, gehiago zabaltzen gara. Eta berezia da, azkenean, kontatu dizkigutelako oso gauza interesgarriak. Ez diogu esaten beste aldean deabrua dagoela, eta beste aldeko horrek ez die esaten, ‘beno, Gari, zu lasai orain egingo dizkizugu galdera batzuk eta konfunditzen bazara errepikatuko dugu’. Ez. Telefonoak jotzen du eta beste aldean dagoen horrek, oso profil neutroan ideia bat botatzen du: ‘Noiz egon ginen azkeneko aldiz bidegurutze honetan gu biok?’. Ezustean harrapatzen ditu, ez dakite zer egin, ez dute entzuten. Beste batzuk, Evaristo bezala, zero minutuan sartzen dira: ‘Zurekin hitz egin nahi nuen nik’. Ez dago errepikapenik. Hor pasa dena, istripu guztiak, ‘ez dut entzuten’ kontra egiteko nahi horretan, askotan gure segurtasun faltagatik, ere jaso ditugu.
Azkenean, interesgarria iruditzen zitzaidan musikariek badutelako barne mundu bat non askotan deabrua bera agertzen den, gure letretan, musikan eta rockean, oso presente egon da modu askotan. Norberaren deabrua, gainera, oso pertsonala eta oso ezberdina da, eta hor ere elkarrizketatzailearen ahotsa ez entzuteak ere badauka bere zentzua, eta da kulturak edo norbanako bakoitzak badaukalako deabruari buruzko irudi edo ikuspuntu bat neska, mutila, andrea, gizon edo animalia izan. Ezustekoak izan dira, agerian geratu direlako nola bizitzen dituen bakoitzak bere barne beldur, kaos, eta deabruak.
Galder Izagirrek traturik egin al du deabruarekin dohainen truke?
Coca Cola bat zabaltzen dudan bakoitzean txinpartaren truke saltzen dut. Beste modu batera esanda, nire iratzargailua telefono konpainia batena den geroztik 06:45ean saltzen dut. Galtzaileak gara, baina dena dugu irabazteko.