[Elkarrizketa] «Eskualdeko hainbat belaunalditara iritsi nahi dugu, jauzi bat eman»
Kontseilu Sozialista sortu berri dute eskualdean, «gaitasun sozialistak handitzeko» asmoz. Irun eta Hondarribitik hasi eta lurralde guztietara hedatu nahi dute antolakuntza komunista.
Zergatik sortu duzue Kontseilu Sozialista Bidasoa, zein testuingurutan heldu da Irun eta Hondarribira?
Estonba: Oraintxe bertan krisi kapitalista testuinguru batean gaude, eta krisi kapitalista hau ematen da krisi estruktural baten barruan gaudelako. Arazo ekonomikoak lehenago ere baziren, eta honi aurre egiteko langileok babesik gabe ikusten garela ondorioztatu dugu, ez dugulako kontrolik gizarteko prozesuetan, gure interesak bermatuak izan daitezen eta erabaki politikoak hartu ahal izateko.
Krisi kapitalistaren gordintasunean burgesiak, alderdi politikoek eta estatu aparatuek kudeatu dute pandemia, ez osasun neurriak bermatze aldera eta mehatxu sanitarioari aurre egite aldera, baizik eta beren akumulazio kapitalista bermatu ahal izateko; azken batean botere erregimena betikotzeko lana egin dute. Eta horretara etorri dira alarma egoeran martxan jarri dituzten neurri autoritarioak.
Beraz, inoiz baino beharrezkoa ikusi duzue kontseiluaren sorrera.
Estonba: Bai. Uste duguna da pandemiak azeleratu eta gordindu egin duela aurretik zetorren arazo estruktural bat, eta orduan horren aurrean guk planteatzen duguna da edozein testuingurutan planteatzen duguna: botere politikoa langileon eskutan jartzea eta jendarte komunista bat eraikitzea, klase eta inolako zapalkuntzarik gabekoa.
Kontseilu Sozialista Bidasoa sortu dugu urteetan lan egiten egon garen Mugimendu Sozialistako antolakunde eta iniziatibek egindako lanari esker, hainbat arazori aurre egiteko, eta ikusten genuen gaitasuna genuela Kontseilu Sozialista sortzeko hemen. Zertarako? Orain arte genituen lanabes organizatiboen bitartez gai ginelako problematika batzuei aurre egiteko, baina beste batzuetan gabezia bat ikusten genuen. Erronka hau hartu dugu Kontseilu Sozialistaren bitartez barne hartu ahal izateko, eta hainbat belaunaldi eta lan esparruren arteko problematikak eskualde mailan lantzeko. Horiek guztiak biltzeko bitarteko bezala aurkezten dugu eskualdeko Kontseilu Sozialista.
Zeintzuk dira kontseiluaren oinarri estrategikoak?
Agirresarobe: Lan lerro berri batzuk irekiko ditugu. Pandemiak areagotu duen krisi testuinguru honetan langile klasearen gero eta zati zabalago bat proletarizatzen ari da, eta bide horretan joango dira. Horren aurrean, maila nazionalean emandako aurrera pausuekin batera, batasun estrategikoa eman nahi diegu lan lerroei antolakuntza komunista indartzera begira. Eta irekiko ditugun lan lerroek gaitasun sozialista batzuk zabaltzen lagunduko digute. Eta horretarako orain arte elkarlan edo hartu-eman batean ibili garen antolakundeekin batera ariko gara. Bidasoan orain arte genituen antolakundeek gehienbat gazteria barne hartzen zuten, eta honekin salto bai kualitatiboa, baita kuantitatiboa ere eman nahi dugu, hainbat belaunalditara iritsi nahi dugu. Ikusi dugulako ditugun problematikak, pairatzen dugun pobretzea edo errepresioa esaterako, azkenean gazteriatik harago ere doazela. Esparru ugari ukitu nahi ditugu, hala nola, soldatapeko lana, ingresuen inguruko gorabeherak, askatasun politikoen auziak, etxebizitzaren auzia…
Zein izango da eskualdean egingo duzuen eguneroko jarduna?
Agirresarobe: Lehenik nolabaiteko aurkezpena egiten hasiko gara, kontseilua bera zer den aurkezten Irun eta Hondarribiko herritarrei, nola ulertzen ditugun lan lerroak, nolabaiteko aurkezpen edo informazioa ematen gurera gerturatu nahi dutenei. Gurekin lan egiteko prest dagoen jende bat hurbildu zaigu jada, eta beraz, gaitasunaren arabera lan lerroek programa bat edo bestea izango dute.
Estonba: Aurkezpena orain egin dugu, baina urteak daramatzagu lanean. Badaramagu denbora bat honi eskaintzen, nola nahiko genukeen abordatu Kontseilu Sozialista baten sorrera Bidasoan, eta zer lan lerrori nahiko genuke eutsi. Kontaktuak egin ditugu, eta kontent gaude orain arte jasotako erantzunarekin.
Zergatik lanketa berezia eskualdeka?
Agirresarobe: Kontseiluak eskualdeka antolatu dira. Hemen Bidasoan, adibidez, gaur egun sozialismoa elikatzerantz urratsak egiteko aukerak ikusi genituen eskualdeko lan lerroak irekiz. Lanaren arloan eta antierrepresiboan hasiko gara hemengo jardunarekin. Eskualde bakoitzak dituen ezaugarriak aztertu nahi ditugu, horretan eragin nahi dugulako. Lehenik analisi bat egingo dugu, ondoren ikusteko non eta nola izango garen gai eragiteko. Jendea gurera gerturatzea nahi dugu, ikus dezatela nola egiten dugun lan, eskualdeko militantzia komunista hori zer den ezagutu dezaten. Eta herritarrek gaitasun batzuk eskuratzea da xedea, gurekin batera lan egiteko.
Bilerak irekiak izango dira, ezta?
Estonba: Lan lerroen arabera hainbat iniziatiba publiko egingo ditugula aurreikusi dugu, eta horietan parte hartzeko deialdiak egingo ditugu. Gurekin harremanetan jartzeko, bidasoa@kontseilusozialista.eus helbidera idatz daiteke. 5