Azokaren aldeko iniziatibak "positiboak" izan direla dio udalak
Azokaren marka eta webgune berriaren zein martxan jarritako otarre eskaintzaren gainean balantze "oso ona" egin du udalak.
Hondarribiko azokaren alde abiatutako iniziatiben balantze “positiboa” egin du Juan Luis Silanes Ingurumen zinegotziak, udalak gaur jakinarazi duenez. Orain dela hiru hilabete azokaren irudi berria aurkeztu zela-eta balantzea egiteko unea izan daitekeela argudiatuta egin ditu adierazpenak eledunak.
Hala, irudi berri, otarre eta webgunearen gainean, balantze “oso ona” egin du Silanesek. “Azokaren irudia berritu dugu, udalak gure ekoizleei eta baserritarrei ematen dien babesaren erakusgarri. Irudi berriak bertako produktua kontsumitzearen garrantzia islatu nahi du, zero kilemetroa, ontasuna eta kalitate gorena”, adierazi du zinegotziak. Hori laguntzeko, gainera, poltsak, kartela eta marketin materiala prestatu dutela gogoratu du: “Hondarribiko herritarrei eta bisitatzen gaituzten guztiei helarazteko”.
Zenbakietan
Juan Luis Silanes zinegotziak aditzera eman duenez, 25 bat lagunek saskien zerbitzua baliatu dute astero martxan jarri zenetik: “Hiru hilabetean 125 herritar baino gehiagok erabili dute zerbitzua errepikapen portzentaia oso altuarekin, eta gainera, hein handi batean ez ziren aurretik azokako bezeroak”. Udalak kudeatu du otarreen zerbitzua eta bitartekari lanak egin ditu ekoizle eta erabiltzaileen artean, zingotziak nabarmendu duenez. Azkenik, hilaren 29tik aurrera ekoizleek protagonismoa berreskuratuko dutela ezagutarazi du zinegotziak, “erabiltzaileekiko harremana berreskuratuko baitute”.