Txanaleta hartuko dute kale garbitzaileek, «enpresaren aldetik akordioetara iristeko ikusitako interes ezagatik»
Txingudiko Zerbitzuak mankomunitatea presionatzen jarraitzeko asmoa dute eskualdeko lan taldea osatzen duten 150 langileek, FCC enpresak aldaketak egin ditzan. Azken urteotan langileen baldintzak zeharo okertzen joan direla salatuko dute gaur, besteak beste.
Eskualdeko kale garbitzaileek kaleak hartuko dituzte beste behin. Gaur (hilak 6) Irungo Txanaleta plazan elkartuko dira, 18:30ean. «Langileok bizi dugun egoera eta enpresaren batzeko nahi eza ikusirik, manifestazioa egingo dugu, enpresa batzordeak deiturik, bizi dugun egoera eta enpresaren aldetik akordioetara iristeko ikusitako interes ezagatik», esan dute.
Badira aste batzuk protestekin hasi zirela langileak. Azken urteetan langileen lan baldintzak okertzen joan direla salatu dute sindikatuei, eta udako oporraldietan jasango dituzten aldaketak izan direla «urak gainezka egiteko falta zen tanta». Opor horiek «modu unilateralean» hainbat hilabetetan banatu beharko dituztela salatu dute.
Era berean, Txingudiko Mankomunitateak azpikontratatuko FCC Medio Ambiente enpresan «prekarietate egoera ugari» daudela ere diote, eta maiz aukeraketa hori «nahieran» egin ohi izan dela. Kontratu hau dutenei gainera, ez dietela ordu estrarik ordaintzen ere salatu dute sindikatuek.
Horregatik Txingudiko Zerbitzuak mankomunitatea presionatzen jarraitzeko asmoa dute eskualdeko lan taldea osatzen duten 150 langileek, FCC enpresak aldaketak egin ditzan.