EH Bildu: "Hondarribiko Udalean dena da alferrik"
Kreditu modifikazioan proposamenik ez egiteko "arrazoi objektiboak" dituela plazaratu du koalizio abertzaleak ohar batean.
Hondarribiko EH Bilduren udal taldeak kreditu modifikazioan proposamenik ez aurkezteko “arrazoi objektiboak” dituela eta, erabakiaren nondik norakoak ezagutarazi ditu komunikabideetara igorritako hausnarketa baten bidez. Udalean “dena alferrik” dela argudiatuta, ondokoa erantsi du koalizioak: “Tokiko gobernuak irizpide ezagunik gabe gobernatzen gaitu, eta horrela ez dago oposizio eraikitzailerik egiterik. Kreditu gehigarrien negoziaketan nahi gaituzte, handik eta hemendik eskuratutako zifren arabera haien kudeaketa zuritzeko”.
Alderdiak salatu duenez, agintaldiaren erdia igaro den arren, “legealdi planik gabe gaude”. Areago, plana hamaika moduan eskatu duela gaineratu du talde abertzaleak, “idatziz eskatu dugu, mozio bitartez, ahoz ere eskatu eta erregutu dugu, baina, alferrik”.
Hala, proposamenak badituztela ziurtatu du udal taldeak, hala nola: “HAPO berria egiteko, genero, hizkuntza eta ingurumen alorretako eraginei buruzko txostenak egiteko, pandemiak familiei eta sektore ekonomikoari ekarritako kalteak arintzeko diru–laguntzak, Hondarribiko Berdintasun plana, euskara eta euskalduntzerako laguntzak…”. Hori horrlea, “sinesgarritasuna” galdu izana leporatu dio EAJren udal gobernuari. Aurrekontuaren exekuzio mailak ere kezkatzen du koalizioa.
Hausnarketa osotasunean irakurtzeko bertan sartu.